Datorren asteburuan, abenduaren 16tik 18ra bitartean, LX. Espainiako Absolutuen Neguko Txapelketa (25 metroko igerilekuan) jokatuko da Sabadellen (Katalunia). 570 igerilarik hartuko dute parte, eta bertan izango dira gure taldeko Ainhoa Goenaga, Oihana Goenaga, Jone Goenaga, Maialen Sudupe eta Maitane Goenaga, Omar Urbieta entrenatzailearen gidaritzapean.\
\
Ainhoak 100 metro bizkar eta 200 metro bizkar probetan hartuko du parte; Oihanak, 100 metro estilo, 200 metro libre, 400 metro libre eta 100 metro libre probetan; Maialenek, 100 metro bizkarren; Maitanek, 50 metro libre, 100 metro libre eta 100 metro bizkarren; eta Jone, berriz, 4x200 metro libre erreleboko proban ariko da.\
\
Izarraitz Igeri Elkarteko igerilariek denboraldiko lehen zita garrantzitsua dute Sabaldelleko Can Llong igerilekuan. Ea beti bezain ongi igeri eginez denbora onak lortzen dituzten. \
\
Txapelketa, Espainiako Federazioaren webgunean streaming bidez zuzenean eskainiko dute.\
\
Zorte on eta egurre!\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide