Izarraitzeko txikienek emaitza onak lortu dituzte Azpeitian zein Eibarren

Joan den asteburuan, Izarraitz Igeri Elkarteko gaztetxoek bi lehiaketatan hartu zuten parte: Azpeitian eta Eibarren. \ \ Izarraitz elkarteko alebin igerilariek joan den zapatu arratsaldean izan zuten Alebinen Ligako laugarren jardunaldia, Eibarko Ipurua kiroldegiko igerilekuan. Honakoak izan ziren Eibarren lehiatu ziren Izarraitzeko igerilariak: Intza Odriozola, Uxue Etxeberria, Iker Aizpuru, Leiane Lopetegi, June Zubizarreta, Maialen Aiertza, Alazne Sudupe, Nerea Urbieta, Maier Lizarzaburu, June Berasategi eta Nora Uria. Ilazki Odriozola, Alaia Juaristik eta Alaitz Mendizabalek ezin izan zuten joan azken momentuko kontuengatik.\ \ Eibarko jardunaldian, 200 metro bular eta 100 metro tximeleta probak lantzeko aukera izan zuten igerilariek. Horiez gain, 4×100 bizkar erreleboko proba ere izan zuten.\ \ Orokorrean, emaitza onak izan zituzten Eibarren. Zorionak bertara joan ziren guztiei, denak izan baitziren egiten ari diren hobekuntza erakusteko gai.\ \ Bestalde, zapatuan eta ordu berean, Izarraitzeko txikienak Azpeitiko Udal Igerilekuan izan ziren Kirol Zehaztasun Ligako bigarren jardunaldian parte hartzen. Gaztetxoak jardunaldira ilusio handiz eta gogotsu joan ziren arren, urduritasuna nabaritzen zitzaien proben aurretik.\ \ Benjamin txikienak, adinaren arabera, 50 metro libre edo 100 metro libre eta 6×25 bizkar errelebo mistoak egin zituzten.\ \ Azken urteetako benjaminek berriz, 50 metro bizkar probarekin hasi ziren. Bigarrengo proba berriz, 100 metro libre edo 200 metro libre proba izan zuten lehiatzeko. Horiek 4×50 tximeleta errelebo proba ere izan zuten, bai neskek eta bai mutilek.\ \ Azpeitian izandako jardunaldian, Izarraitzeko haurretako asko sailkapeneko lehen postuetan izan ziren. Hala ere, estilo desberdinen arautegian eta igeri egiteko moduan, hobekuntzak egiten jarraitzen dute denek, eta dudarik gabe, hori da emaitzik garrantzitsuena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide