Oraindik izena eman daiteke torturen aurka zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobuserako

Datorren zapatuan, martxoaren 11n, torturen aurkako manifestazioa izango da Bilbon, '5657 torturatu. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea' lelopean. Mobilizaziora joateko autobusa antolatu dute Sortuk eta Ernaik, eta oraindik izena eman daiteke, Orkatzen. Autobuserako hitzordua 16:00etan jarri dute, Etxe-Zuri aurrean. Manifestazioa, berriz, 17:30ean abiatuko da, Plaza Eliptikotik, eta Arriaga antzokiaren parean amaituko da.\ \ Euskal memoria fundazioak 5657 tortura kasu egiaztatu ditu Euskal herrian azken 60 urteotan. Tortura zantzuak argiak izan arren, Espainiar estatuak ez du sekula aitortu tortura modu sistematikoan erabili duenik, are gehiago, euskal jendarteak zein nazioarteko erakundeek torturarekin amaitzeko eskatutako neurriak hartzeari uko egin dio.\ \ Espainiar Estatuak sistematikoki aplikatutako torturaren adibidea da Sandra Barrenetxearen kasua. Sandra 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Ekineko kide izatea leporatuta. Tortura latzak salatu zituen. 2012ko otsailean baldintzapean aske utzi zuten. 2016an Audientzia Nazionalean epaitu zituzten sumarioko kide guztiak. Fiskaltzarekin akordio batera iritsi zigorrak jaitsita, kalean da gaur egun. Bere tortura salaketek bidea egin dute epaitegietan eta martxoaren 14tik 16ra epaituko dituzte torturatzaileak.\ \ 73 azpeitiar torturatu dituzte azken 57 urteetan. Errealitate onartezin horren aurrean, torturaren errealitatea agenda politikoan mahai gaineratu eta bake iraunkorrerako tortura kasuen egia jakitea eta aitortzea exijitzeko baliatu behar da auzia. Testuinguru hau baliatuko dugu, beraz, Euskal Herrian izan den tortura sistematikoa dela salatu eta aitortza eta erreparazioa exijitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide