Azpeitiko EH Bilduk bat egiten du Elkar-ekin taldeak proposatutako \'Batu indarrak, itzali argiak\' egitasmoarekin. Martxoaren 15ean, 20:00etatik 20:15era, argiak itzaltzea proposatu dute Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta Zestoako Astinduk.
\
\
Itzalaldiaren helburua da argindar enpresa handien gehiegikeriak salatzea eta justizia energetikoaren aldeko aldarria egitea, arazo globalei txikitik erantzuten hasita.
\
\
Egitasmoarekin bat egiteaz gain, herritarrei dei egin nahi diegu asteazken iluntzean argiak itzaltzeko eta gai honen inguruan hausnartzeko, hitz egiteko, eztabaidatzeko.
\
\
Argindarrarena da gure bizitza-ereduaren beste adibide bat. Enpresa handiak aberasten ari diren bitartean, herritar xumeak dira, nola edo hala, dirua jarri behar dutenak. Negua, hotza, eta argindarra ezin ordaindua; herritarrak galtzen eta enpresa boteretsuak irabazten. Hori da ezarri diguten eredua.
\
\
Baina badago alternatibarik. Badago esperantzarik. Enpresa multinazionalen oligopolioari bizkarra eman eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin dezakegu. Burujabetza energetikoaren bidean, pauso txikiak baina eraginkorrak eman ditzakegu. Eta Azpeitia eredu da horretan.
\
\
Azpeitiko Udaletik, adibidez, energia berriztagarrien eta burujabetza energetikoaren aldeko apustua egin dugu azken urteotan. Eta bidea erraza ez bada ere, energiaren mundu ilunetik argirako pausoak ematen ari gara. Ibilbide propioa. Etikoa. Beharrezkoa.
\
\
Pobrezia energetikoari aurre egiteko ere diru-laguntza propioak ditugu duela zenbait urtetatik Azpeitian. Beraz, gutxien dutenek ere, behar dutenean berogailua pizteko baldintzak sortu ditugu Azpeitian. ibilbide propioa. Etikoa. Beharrezkoa.
\
\
Hitzak hitzak dira, eta ekintzak errealitate. Arazo larria da energiaren sortze prozesua, arazo larria da energiaren prezioa. Baina bakoitzak geure energia konpainia hautatzeko prozesu sinple bezain konplexuaren bidez eragin dezakegu arazoaren gakoan. Ez gaitzatela engaina, norbanako bakoitzak txikitik eragin dezake. Eman pauso txikiak. Egin ibilbide propioa. Etikoa. Beharrezkoa.
\
\
Itzali argiak.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide