GOENAGA AHIZPAK BIKAIN PONTEVEDRAN\
\
Zapatuan hasi eta astelehena bitartean, Izarraitz Igeri Elkarteko Ainhoa Goenaga, Oihana Goenaga eta Maitane Goenaga igerilariak eta Omar Urbieta entrenatzailea Pontevedran izan dira, Espainiako Absolutuen Udaberriko Open Txapelketan. Azken hilabeteetan hitzordu horretarako aritu dira prestatzen eta, emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilariak gustura gelditu dira. Ainhoak 200 metro bizkar proban hartu du parte, Oihanak 200 metro libre eta 100 metro libre probetan eta Maitanek berriz, 200 metro bizkar eta 100 metro libre probetan hartu du parte Pontevedrako txapelketan.\
\
Zapatuan jokatu ziren 200 metro bizkarreko probak, goizean aurrekanporaketako serieak eta arratsaldean finalak. Goizeko kanporaketetan, Ainhoa Goenagak, 2:23:77 denborarekin ez zuen lortu finalerako txartelik.\
Maitane Goenagak, 2:24:62 denborarekin, C finalean parte hartzeko txartela lortu zuen. Arratsaldeko finalean, goizean baino ia bi segundo gutxiago behar izan zituen luzera berdina egiteko (2:22:86), eta honekin, marka pertsonala eta klubeko 15 urtekoen errekor berria ezarri zuen.\
\
Igandean, Oihana Goenagak parte hartu zuen 200 metro libreko proban. Goizeko aurrekanporaketan, 2:09:25 denborarekin, ez zuen finalea sartzerik izan. Oihanak, 2:05:64 du marka pertsonala eta proba honetan egindako lanarekin, ez zen batere gustura gelditu.\
\
Astelehenean izan ziren 100 metro libreko probak. Proba honetan, Izarraitzeko ordezkariak Oihana eta Maitane izan genituen.\
\
Oihanak, goizeko aurrekanporaketan 59:10 denbora eginez, arratsaldeko B finalean sartzeko balio izan zion. Gero, arratsaldeko finalean, goizean baino ehuneneko batzuk gutxiago behar izan zituen luzera berdina egiteko (58:78), eta bere denbora onenetik oso gertu ibili zen.\
\
Maitane Goenagak, 1:00:36 denborarekin, C finalean parte hartzeko txartela lortu zuen. Arratsaldeko finalean, 59:77 denborarekin, bere benbora onenetik (59:66) oso gertu ibiltzea lortu zuen\
\
Pontevedran jokatu den txapelketan, goi mailako igeriketa ikusteko aukera izan dugu, nazioarteko txapelketetarako gutxiengoak lortzeko asmoarekin lehiatu baitira Espainiako igerilari ospetsuenak.\
\
Orain, Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, atsedenaldia hartuko dute Goenaga ahizpak eta, gero, udarako txapelketak prestatzen hasiko dira.\
\
Zorionak egindako lanagatik!\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide