Keinu Bat Errefuxiatuei egitasmoa egingo dute hilaren 26 eta 27an herriko hiru ikastetxeetan, Elkar-ekinek antolatuta

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2017ko mai. 19a, 11:28

Munduko pertsona guztien giza eskubideen alde, harresirik ez!\ \ Austrian, Bulgarian, Mazedonian, Grezian, Saharan, Palestinan, Ceutan, Estatu Batuetan, Korean, Indian, Pakistanen... Asko dira egun munduan dauden harresiak goseteei, gerrei, miseriari eta mota askotako jazarpenei ihesi doazen milioika laguni bidea itxi, eta askatasunean eta bakean bizitzeko duten eskubidea urratzeko eginak.\ \ Harresi eta errefuxiatu kopurua ikaragarri igo da azken urteotan: 11 harresi zeuden 1989. urtean, 70 baino gehiago daude gaur egun. Errefuxiatu kopuruari dagokionez, gaur egun 65 milioi errefuxiatu baino gehiago daude mundu zabalean eta egunetik egunera igotzen ari da kopurua. 5.000 lagun inguruk uzten dute beraien herrialdea egunero.\ \ Errefuxiatuen inguruko informazioa zenbakitan eta iruditan jasotzera eta ematera ohituak gaude, baina nekez neurtu daiteke zenbakiekin egunero hainbeste pertsonak jasaten ari diren sufrimendua.\ \ Lotsaz bizi dugu gertatzen ari dena, eta gure desadostasuna erakutsi eta presazko irtenbide duinak aldarrikatu nahi ditugu errefuxiatu hauentzat guztientzat.\ \ Aldi berean, egoera honen oinarrietara jotzea beharrezkoa ikusten dugu. Pobrezia eta gerrekin amaitu behar dugu, pertsonek zein herriek libre eta bakean bizitzeko. Nola da posible gaur egun milaka lagun gosez hiltzea? Zertarako hainbeste arma? Zergatik hainbeste gerra? Zer dago guzti honen atzean?\ \ Gutxi batzuen interesen ondorioz hainbeste gerrate, heriotza, gosete eta beharturiko migrazio egotea ezin dugu onartu. Horregatik, herriko ikastetxeak eta Elkar-ekinek bat egin dugu injustizia honen aurrean aletxo bat jarri asmoz. Horrela, herritar guztiei dei egiten dizuegu maiatzaren 26an eta 27an Azpeitiko plazan izango diren ekimenetan parte hartzera.\ \ Ongi etorri errefuxiatuak Azpeitira!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide