AZTEk, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak, eta Bertanek, Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, Azpeitiarrei zuzenduriko dinamizazio ekintza bat antolatu dute elkarlanean.\
\
AZTE elkartea Etxe zuri, Ertz, Topa, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Mugari, Eperra, Sanagustin kulturgunea, Fideo de Mileto eta Pikua tabernek osatzen dute, eta bere jarduera Azpeitiko ekimen eta egitasmo desberdinak sustatzea eta antolatzea da. Urtean zehar herriko eragile ugarirekin (kultura, kirola, gizarte gaiak,..) elkarlanean hainbat ekimenetan parte hartzen du. Bertan, aldiz, Azpeitiko 111 saltokik osaturiko Merkatari Elkartea da eta herrian bizi eta erostearen aldeko sustapena da bere egiteko nagusia.\
\
Kasu honetan bi elkarteek indarrak batu dituzte herritarrei ekimen berri bat eskaintzeko. Horrela, ekainaren 5ean hasi eta 12 egunez, Azpeitia Txartelarekin Bertaneko saltokietan egiten diren lehen 85 erosketek, AZTEko tabernetan pintxoak eta tragoak doan eskuratuko dituzte sari moduan. Denera 1040 sari banatuko dira.\
\
Saltokian ordainketa egiterako momentuan agirian agertuko da saria, eta agiri hori bera aurkeztu beharko da dagokion tabernan pintxoa eta tragoa doan eskuratzeko. \
\
Ekintza honekin, bi elkarteen arteko sinergiak bilatu nahi izan dira, aldi berean, Azpeitian erosketak egin eta aisiaz gozatzeko esperientzia ezberdin bat eskainita.\
\
Soberan ez dagoenez, Azpeitia Txartela eskuratzeko bideak aipatzea, Bertan Elkarteko saltokietan, Udaletxean, Liburutegian, Igerilekuan eta Rural Kutxako bulegoan eskuragarri daude eskaera-orriak eta nahikoa da hauek bete eta NAN-aren fotokopia batekin leku horietako edozeinetan uztea.\
\
Aurrerantzean ere modu honetako dinamizazio ekintza gehiago egitea aurreikusten denez, Bertan eta AZTE Elkarteek Azpeitia Txartela ateratzera animatu nahi dituzte azpeitiar guztiak.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide