Azpeitia Txartelaren promozio kanpaina aurkeztu ...

Azpeitia Txartelaren promozio kanpaina aurkeztu dute\ Azpeitiko Udalak, Nafarroako Rural Kutxak eta Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak, Azpeitiar herritar txartela sustatzeko hurrengo hilabeteetarako prestatu duten kanpaina aurkeztu zuten atzo, Sanagustin Kulturgunean.\ \ Azpeitia Txartelak martxoan argia ikusi zuenetik izan duen bilakaera positiboari bultzada berri bat emateko helburuarekin, proiektuaren parte diren hiru eragileek formatu ezberdinez osaturiko publizitate kanpaina bat abiatu dute, urte amaiera bitarte fase ezberdinetan argitaratuko dena.\ \ Kanpainaren elementu bereizgarria herriko jendearen parte hartzea da. Denera 20 herritarretik gora ikusi ahal izango ditugu Azpeitia Txartela erabiltzearen aldeko mezuak zabaltzen euskarri ezberdinetan. Banderolak, kartelak eta bideoak, fisikoki kalean zein digitalki interneten, arlo ezberdinak jorratuko ditu kanpainak.\ Atzo eginiko aurkezpenean ikusi ahal izan genituen kanpainan parte hartu duten aurpegietako batzuk, Mikel Labaka, Miren Gorrotxategi, Pedro Otaegi, Maitane, Oihana eta Ainhoa Goenaga…\ \ “Geurea da” lema eramango duen publizitate kanpaina honen lehen fasean, banderolak jarriko dira herriko zenbait puntutan eta bi bideo zabalduko dira sarean, bata Azpeitia Txartelaren erabilera ezberdinak azaltzen dituen “flash” formatukoa, eta bestea, txartelak igerilekurako sarrera ahalbideratzeko duen aukera jorratzen duena. Aurrerago, herriko saltokietan kartelak ipintzea eta bideo gehiago argitaratzea aurreikusten da.\ \ Publizitate ekimen hauekin Azpeitia Txartela eta, batez ere, bere erabilera indartu nahi dira. Izan ere, Azpeitia Txartela geurea da!\

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide