Joan den uztailaren 28an, 'Hiru lore beltz' ikuskizuna eman genuen Sanagustin kulturgunean, eta orain ezker-eskuin eskerrak ematera gatoz. Egitasmo hau osatzen ibili garenontzat oso esperientzia ederra izan da, eta elkarrengana biltzeak berak eta herriaren aurrean luze landutakoaren fruitua hala erakusteak geure barruan eta inguruan argitasun handia eragiten duelakoan gaude.\
\
Antolaketaren ardura nagusia Elkar-ekinek eta Dinamoak hartu zuten, eta bi talde eta elkarteon izenean esker zorraren aitortza egin nahi diogu lehenbizi Azpeitiko herriari, eta, bereziki, joan den ostiralean Sanagustineko saiora etorri ziren herritar guztiei, beren hausporik gabe arnasa estu izango bailuke 'Hiru lore beltz'-en ekinak.\
\
Xalbador bertsolariari barruak astindu zizkion 1973ko apirilean Lapurdiko Ezpeletako herrian hotzak eta goseak hilda topatu zituzten hiru afrikarren berriak. Xalbadorren talentuak, hala ere, beste askoren bihotzak ukitu eta hunkitu zituen 'Mendian galdu direnei' bertso sortarekin. Bertso horiek zabaldu ziguten 'Hiru lore beltz' ikuskizuna lantzeko bidea, errefuxiatuen dramak pizten digun egonezinarekin batera. Elkartasun ezaren eta elkartasun nahiaren inguruko espektakulua egin nahi izan dugu, migrazioaren bidegabekeriaren aurrean ardura keinu bat.\
\
Baina Fernando Aire Xalbador zenari ez ezik, eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiogu halaber, 'Hiru lore beltz' sorkarian modu ezberdinetan parte hartu duten guztiei:\
\
-Xanti Agirrezabala\
-Oihan Amezua\
-Haritz Arakistain\
-Ane Arenas\
-Leire Arenas\
-Juan Azpillaga\
-Aritz Arzallus\
-Eneritz Arzallus\
-Erik Aznal\
-Xabi Azkune\
-Maider Azurmendi\
-Alberto Beloki\
-Aitor Bengoetxea\
-Iraia Bereziartua\
-Xabi Borda\
-Lorea Diaz Arrillaga\
-Haizea Egiguren\
-Maialen Etxaniz\
-Julene Frantzesena\
-Xabier Gantzarain\
-Amaia Gorrotxategi\
-Miren Gorrotxategi\
-Jon Gurrutxaga\
-Eneko Ibarguren\
-Miren Izagirre\
-Patxi Juaristi\
-Felipe Murillo\
-Jose Luis Otamendi\
-Iñaki Salegi\
-Leire Ostolaza\
-Kepa Urbieta\
-Lierni Varela\
-Izaro Zinkunegi\
-Nekane Zinkunegi\
-Mirari Zubizarreta\
\
Zer egin dezakegu azpeitiarrok errefuxiatuen auziaren aurrean? Zer egingo dugu Azpeitian auzi honen aurrean? Zer egingo dugu munduko injustizien aurka?\
\
Galdera asko dago, eta zer eta nola erantzun bakoitzari eta bikoitzari dagokio. Bizitzak ez gaitzala behintzat, lo edo hilda harrapatu!\
\
Bada bide bat herriaren kezkei kulturaren bidez erantzunak bilatzeko. Ongi etorri errefuxiatuak!\
\
Milesker denoi, uda ona pasatu!\
\
(Argazkia Alberto Belokirena da)
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide