Urte luzeetako prozesu baten barruan eta herritarren gehiengo baten eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea. Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute. Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsei indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun die Madrilek. Azken egunotan hainbat dira ikusi ditugun erasoak. Alkateak, komunikabideak, inprimategiak... jomugan jarri dituzte. Eta gaur, momentuz, erreferendumearen antolaketan diharduten 12 lagun atxilotu dituzte.\
\
Katalunia estatuaren aldetik jasotzen ari den errepresioa eta demokrazia eza inoiz baino agerikoagoak dira, eta horren aurrean ezin dugu bestaldera begiratu. Estatuaren izaera erabat antidemokratikoaren aurrean gaitzespen osoa adierazi nahi dugu. Eta nola ez, Kataluniako herriari elkartasuna eta haren ibilbide demokratikoari babes osoa helarazi nahi dizkiogu.\
\
Guk argi dugu: autodeterminazio eskubidea gauzatzeko datorren urriaren 1ean egingo den erreferenduma guztiz zilegia izanik, estatuaren eraso oro arbuiatzen dugu. \
\
Hori adierazteko, gaur, 19:00etan, herritarrei plazara gerturatzeko deia egin nahi diegu. \
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide