Elkargunera eramandako arropa modu duinean egotea eskatu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2017ko urr. 10a, 10:23

Ezer baino lehen azken bi urteotan Elkargunera hurbildu diren herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, herritarrak izan direlako proiektu honek aurre egin izanaren arrazoi nagusia. Asko eta asko izan dira arropa eta bestelako materiala Elkargunera eraman dituztenak. Ekarritako materiala Elkargunean jarri ohi dugu salgai modu eskuragarrian. Ondoren, lortutako dirua herrian aldaketa soziala bultzatzeko ekimenenetarako erabiltzen dugu.\ \ Arroparen kasuan, nagusiki herrian beharrik handiena duten pertsonen artean banatzen dugu, baina munduko txoko ezberdinetara ere bidali dugu Azpeitian jasotako arropa, besteak beste Senegalera, Paraguayra, Saharara eta Greziara.\ \ Baina azken hilabeteotan arazo batekin egin dugu topo bertan lanean gabiltzan lagunak. Hainbat zaku modu tamalgarrian dagoen arroparekin iritsi da: arropa zikinak, hautsitakoak eta ez erabilgarriak.\ \ Horregatik, beharrezkoa ikusi dugu ohartxo hau idaztea, eskaera zintzo bat eginez. Hain zuzen, Elkargunera ekartzen den arropa modu duinean egotea, ondoren jendeak erabiltzeko moduan egotea, alegia.\ \ Elkar-ekinen lanean gabiltzanok libre dugun denboraren zati bat kausa justu bati eskaintzeko batu ginen talde honetara. Borondatez egiten dugu lan. Zentzu horretan, ahal den neurrian, arropa modu duinean ekartzeko eskatu nahi dugu, lana erraztuko digulako.\ \ Herrian aldaketa soziala bultzatzen jarraitu nahi dugu, elkartasun sareak indartuz eta injustizia bere oinarrietan borrokatuz. Eta bide hau herritarrekin batera egin nahi genuke, gaur arte bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide