Merkaurola Urola Erdiko merkataritza mahaiak azterketa bat egin du eskualdeko kontsumo ohiturak nolakoak diren ezagutzeko. Ateratako ondorioak Azkoitian eta Zestoan aurkeztu dituzte oraingoz, eta datorren asteartean, urriaren 24an, Azpeitira hurbilduko dira, azterketaren emaitzak eskualdeko merkatariekin elkarbanatzeko. Saioa irekia izango da, eta Sindikatu Zaharreko aurreneko solairuko bilera gelan egingo dute, 15:00etan hasita.\
\
Urola Erdiko merkataritza mahaia Azpeitiako Udala, Azkoitiko Udala, Zestoako Udala, Dendartean - Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen –Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan –Azpeitiko Merkatarien Elkartea, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzen –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia- osatzen duten lankidetza gunea da. Gune horren xedea da, eskualdeko merkataritza txikiaren sustapena, eta horretarako eragile ezberdinen artean lankidetza proiektuak bultzatu nahi ditu. \
\
Uneotan, Merkaurola deituriko proiektua dute eskuartean. Proiektu horretan Urola Erdiko kontsumitzaileen eros-ohiturak aztertu dira. Ikerketan esperientzia duen kanpo aditu baten laguntzaz eskualdeko 1.050 herritarren kontsumo joerak aztertu dituzte, eta ondorio interesgarriak lortu dituzte. Besteak beste, eguneroko nahiz aldizkako erosketaren inguruan eta azalera handiko erosketa guneek nahiz internetek duten garrantziaren inguruan galdetu zaie azterketan parte hartu dutenei.\
\
Astearteko hitzorduan, emaitzak aurkezteaz haratago, merkatarien balorazioa nahiz haien kezka nagusiak identifikatu nahi dituzte. Horregatik, eskualdeko merkatari guztiei dei egin diete batzarrera hurbil daitezen.\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide