Azken urteetako ohiturari jarraituz, Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak kupoien katalogoa kaleratu du. Herriko 43 saltokiren parte-hartzearekin, elkarteak eskaintza bereziz osaturiko liburuxka bat banatu du aste honetan zehar herriko etxeetara. Liburuxka horretan saltokiek egindako eskaintza-kupoiak aurkituko dituzte herritarrek. Saltoki bakoitzak bere eskaintza propioa du: deskontuak, produktuak prezio jakin batean...\
\
Eskaintzek, gehienez, abendu amaiera arte balioko dute, eta denda bakoitzak zehaztuko du eskaintzaren balio epea zein den. Eskaintzez baliatu nahi duten bezeroek kupoia dagokion saltokian aurkeztea besterik ez dute. Ez da beharrezkoa Azpeitia txartelaren erabiltzaile izatea. Banaketa arazoengatik etxean liburuxka jaso ez duenik balego, urolakosta.hitza.eus webgunean eskura ditzake kupoiak.\
\
Azpeitiko merkataritza eta bertako kontsumoa indartzeko helburuarekin egiten da Bertan kupoien dinamizazio kanpaina, eta dagoeneko elkartearen egutegiko ohiko ekintza bilakatzen ari da. Bezeroen artean izan ohi duen harrera ona ikusita, hutsik gabe errepikatu du kanpaina Bertanek azken urteetan. Honenbestez, beste behin ere herrian erosiz eskaintzez baliatu eta bertako ekonomiari bultzada emateko aukera bikaina izango dugu hurrengo asteetan.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide