Erosi Azpeitian, busti gabe!

Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, bezeroei erosketak egiteko erosotasunak emateko helburuarekin, \"Erosi Azpeitian, busti gabe\" kanpaina jarri du martxan. Kanpaina honen bidez, Merkatari Elkarteko saltokiek koloretako aterkiak izango dituzte bezeroen eskura. Euria egiten duen egunetan aterkia erabiltzeko aukera luzatuko zaie bezeroei, eta horiek, Elkarteko saltoki batetik aterkia hartu eta erabili ostean, beste batean utzi ahal izango dute. Aterkien tamainak eta sendotasunak, busti gabe, herrian erosketak egitea ahalbidetuko die bezeroei.\ \ Aterkiak Herri Hezitzailea egitasmoaren barruan elkarlanean atera ziren, duela hilabete batzuk eta hainbat erabilera eman ostean, herriko bezeroak estaltzeko funtzioa beteko dute aurrerantzean. Ekimen honekin, Azpeitiko merkatariek bezeroarekiko duten gertutasuna eta zerbitzu gehigarrien bidez eskaintzen duten erosotasuna agerian gelditzen da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide