Irister dira Gabonak. Eta aurtengoan ere lau azpeitiarrek ezingo dute gure artean izan, ezingo dute beren senideen eta lagunen ondoan egon. Ehunka kilometrora daude espetxeratuak Gotzon, Xegu eta Pow; Etxarte Kuban jarraitu beharrean da, herrira itzuli ezinda. Gaur arratsaldez kalera aterako gara maite ditugula erakusteko, beraiekin gaudela adierazteko eta gurekin beharko luketela aldarrikatzeko. \
\
Gure herriak libreki erabaki zezan egin zuten borroka. 78ko erregimen monarkikoak eraiki zigun kaiola apurtzeko egin zuten lan. Zuten onena eman zuten, eta onena ematen jarraitzen dute gure herriak etorkizun hobe bat izan dezan. 305 euskaldun dira zeldetan gatibu, eta beste asko erbestean eta deportazioan, hormarik eta barroterik ez duten aire libreko espetxeetan.\
\
Gureekin, etxekoekin, gure herrian, Izarraitzen magalean behar ditugu. Gugandik urrun gauden azken Gabonak izango diren itxaropenean gaude, eta abenduaren 24an 19:00tan plazan hala desio dugula erakutsiko dugu.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide