Irailetik gaur arte ez da ekintza faltarik izan Gaztetxean, ikasturtea hasi zenetik denetariko hitzorduak antolatu direlako bertan: basalandareen inguruko jardunaldiak, Sobietar Batasunaren ingurukoak, antzerkiak, luntx begetarianoak, gau elektronikoa, zirkoa, punk-OI! kontzertuak, jaiotza alternatiboen erakusketa, lan istripuak salatzeko manifestazioa... \
\
Bizi-bizirik amaitu zuen Gaztetxeak 2017a, eta modu berean hasi nahi du 2018a. Indarrak hartzeko unea ere bada, ordea, eta horregatik, pixkanaka ekingo dio urteari. Hala ere, martxan jarraituko du, eta bertako ateak zabalik izango dira nahi duen ororentzat. \
\
Urteari ekiteko, Zine Ziklo Amorosue eta euskal presoen aldeko Boulder Txapelketa Herrikoia antolatu ditu. Beraz, zinemazaleek badute zer egin eta zer ikusi datozen asteetan Gaztetxean. Ostegunetan izango dira emanaldi guztiak, Maxuxtak liburutegi askeko epeltasunean, 21:00etan hasita. \
\
Urtarrilaren 18an, Yorgos Lanthimosen 'Langosta' (2015) filma izango da ikusgai. Hilaren 25ean, 'Mommy' filma, Xavier Dolanek 2014an ekoiztutakoa. Azkena emango den filma Michael Haneke zuzendariaren 'Amour' (2012) izango da. \
\
Eskalada, hilaren 27an\
\
Maitasunaren inguruko filmez gain, kirolak eta aldarriak hartuko dute leku Gaztetxean, euskal presoen alde egiten den Boulder Txapelketa Herrikoian. Azken urteetan azaroan edo abenduan egin izan bada ere, aurten urtarrilaren 27an, zapatua, egingo da aldarria eta kirola uztartzen dituen txapelketa, Sokaitz eskalada taldearen laguntzaz. Egun osoan zehar, maila ezberdinetako eskalatzaileek beren abileziak erakusteko parada izango dute Gaztetxean. Data hurbiltzen den heinean zabalduko du Gaztetxeak informazio zehatzagoa txapelketaren inguruan.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide