Bihar, asteartea, hasiko dira herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako Astindu Europa jardunaldi kritikoak. Jardunaldien xedea da, besteak beste, Europako Batasunaren atzean ezkutatzen den hori argitara ateratzea eta horren inguruan hausnartzea. Helburua da EBri maskara kentzea. \
\
Urrun ikusten dugu Europako Batasuna (EB), hor goikoen eremua, sekula iritsiko ez garen elite ekonomikoen zelaia. Eta, bai, zentzu batean urrun dago, baina gure gain duen eragina zuzen-zuzenekoa da, gure egunerokotasunean sartuta ditu atzaparrak. Europako Batasunak erabakitzen ditu gure bizimoduak modelatuko dituzten neurriak, gero Estatu-txotxongiloek aplikatuko dituztenak. Aurrerapena dela saltzen digute, garapena, mugikortasuna, askatasuna eta kidetasuna. Segurtasuna, mehatxu islamistengandik babesteko, eta segurtasuna, bizitza duin bat bermatu ahal izateko. Baina, bada garaia EBri maskara hori kentzeko, eta falazia handi bat dela argi eta garbi gelditzeko. Badugu garaia EBri ezezkoa emateko, eta egitura dominatzaile hori kolokan jartzera goazela ozen aldarrikatzeko. Europako klase dominatzailearen interesen blindaje bat da, eta, norbaiti egokitzekotan, herritarroi dagokigu koraza hori kentzea.\
\
Ez da samurra Europan bizi dugun errealitatea. Langabetuen gorakada, langile-esplotazioaren areagotzea, emakumeokiko jazarpenaren sistematizazioa errotzea, kontrola, errepresioa, gerra deklarazioak, arrazismoa... Ez dira ez krisiak, ez musulmanek, ez antisistemek eragindako ondorio kasualak, sistemaren ondorioak baizik. Eta horien aurrean Europako goi-bileretan elkartzen diren teknokratek hartzen dituzten neurriek, ez diete herritarron ongizateari begiratzen; aitzitik, sistema kapitalistak martxan jarrai dezan eta beren klase-interesak berma daitezen aplikatzen dituzte. Europako Batasuna sortzeko eta mantentzeko egiturak eta mekanismoak, langileok nahi bezala esplotatzera, herrialdeak sakeatzera eta gerrak eragitera daude bideratuta, eta horretaz ohartzetik abiatu behar gara. Alegia, errefuxiatuei ateak irekitzea urgentziazkoa dela, bai, baina horretaz harago, ihesaren jatorriari heldu behar diogula, eta gerra inperialistak salatzean eta gelditzean jarri behar ditugula indarrak; bestela, errefuxiatu uholdeek birproduzitzen jarraituko dutelako etengabean.\
\
Sakona da egin beharreko analisia, EBri maskara hori kendu nahi badiogu eta zer-nolako Euskal Herrian eta Europan bizi nahi dugun pentsatzen hasi behar badugu, bai maila instituzional, ekonomiko eta herritarrean. Erabakimena herritarrongandik gero eta urrunago dagoen honetan, Europako Batasunaren egitura elitistek monopolizatutako erabakimen hori ebastea dagokigu; Euskal Herriaren autodeterminazioa eta burujabetza ez baita posible parametro horien baitan. Beraz, herrian ere honetaz guztiaz eztabaidatzen has gaitezen, Europako Batasunaren inguruko jardunaldi kritikoetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Europako Batasuna milioika pertsonari eta herriei norabide sozio-ekonomiko jakin bat ezartzeko gaitasuna duen instituzioa da; egin dezagun urrats bat burujabetzarantz, eta has gaitezen eztabaidatzen norantz goazen, eta norekin.\
\
Askapenak, Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiekek eta Emakumeen Txokoak antolatu dituzte Astindu Europa jardunaldiak.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide