Biharko manifestazioarekin elkartasunak kaleak bete ditzan nahi dute antolatzaileek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2018ko api. 6a, 11:09

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohiari elkartasuna erakusteko eta \"errauskailuak alternatibak badituela aldarrikatzeko\" manifestazioa dago deituta biharko. Mobilizazioa 18:30ean abiatuko da plazatik, eta leku bertan bukatuko da. Amaiera ekitaldian hitza hartuko dute Azpeitiko herri mugimenduko pertsona batek eta bi auziperatuek.\ \ Antolatzaileen hitzetan, \"manifestazioak babes zabala\" jaso du herrian, eta Gipuzkoako hainbat txokotatik ere jendea etorriko dela espero dute. Biharko mobilizazioarekin elkartasuna eta aldarria kalera eraman nahi dituzte mobilizazioaren sustatzaileek, eta herritarrei azken deia egin diete bihar kalera atera daitezen.\ \ Azpeitiko hemezortzi eragilek eman dute beren atxikimendua biharko manifestaziorako. Horiez gain, Azpeitiko EH Bilduk sustatuta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan duten Azpeitiko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten bi auzipetuei babesa agertzeko.\ \ Apirilaren 12an epaituko dituzte Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Espainiako Kontu Auzitegian, Zubietako errauste plantaren kontratua eteteagatik. Horrek eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) –gaur egun EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa–, eta horrenbestez, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auzipetuentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide