Izango da zer egin eta zertaz gozatu ostiralean, maiatzak 15, Azpeitiko Gaztetxean. Arte garaikidea ardatz hartuta, Xabier Gantzarainek solasaldia eskainiko du 'Artea zertarako?' izenburupean. Euskal Herriko arte garaikideaz liburu bat idatzi berri du Gantzarainek, eta hura aurkeztuko badu ere, solasaldiak beste bide bat hartuko du. Izan ere, arte garaikideak gizartean betetzen duen funtzioaz, horrek duen erabilgarritasunaz eta artea egiteko moduaz solastuko dute Gaztetxera bertaratzen diren lagunek. Xedea da elkarrekin artearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea. Azken ostirala dela jakitun, solasaldia ordubete aurreratzea erabaki du Gaztetxeak, eta horrenbestez, 18:00etan hasiko da hitzaldia. \
\
Haren ostean, sabelak betetzeko tartea izango da. 20:30ean hasita afari begetarianoa egongo da, eta nahi duen oro hurbil daiteke Gaztetxeko kideek prestatutako jateko goxo-goxoa dastatzera. \
\
Mikro irekiak itxiko du ostiralerako prestatutako egitaraua. Afaria amaitzean, olerki musikatuak, narrazioak, kantu herrikoiak eta bestelakoak... izango dira protagonistak. Oholtza gainera animatzen den orok izango du mikrofonoaren aurrean jarri eta mihia dantzan jartzeko aukera.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide