Larunbatean, hilak 16, Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoko seigarren etapa izango da, Bakio eta Plentzia lotuko dituena, helduei zuzendurako irteera. 19 kilometroko ibilia izango dute mendizaleek, eta egitasmo horren barruan uda aurretik egingo den azkena. Bilbora iristeko egingo diren beste bi irteerak irailean eta urrian izango dira.\
\
Hilaren 16ko ibilaldiari dagokionez, Bakio-Plentzia ibilbidea egiteko 08:00etan abiatuko dira mendizaleak anbulategi aurrean autobusa hartuta, eta Bakioraino joateko. Ondoren, Bakiotik gora hasiko da ibilaldia, Jatamendi azpikaldera, aurrerago Lemoiz gainaldetik pasatu eta Armintzara jaisteko. Ermu menditik pasatuta, Gorlizko itsasargira iritsiko dira, ibilaldia Gorlizko hondartzan amaitzeko. 16:30-17:00 aldean Plentzian izatea aurreikusten da.\
\
Bidean, hamabost minutuko geldialdia egingo dute hamaiketakoa egiteko, eta ordu erdiko beste bat bazkaltzeko. Bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du.\
\
Izena www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian eman daiteke, ekainaren 14rako. Bazkideek sei euro ordaindu beharko dute, eta zortzi euro bazkide ez direnek.\
\
Informazio gehiago, ibilbideko trackak eta abar, lotura honetan ikus daitezke:\
http://www.lagunonakmb.org/eu/berriak/358-bakio-plentzia-azpeitia-bilbo-2018-6-etapa\
\
Ekainaren 17an, berriz, gaztetxoentzako goiz pasa antolatu du Lagun Onak MBk, Santa Ageda-Damazulo ibilaldiarekin. Irteera hori ekainaren 10ean zen berez egitekoa, baina egun horretarako Gure Esku Dagok antolatu duen giza kateari gure babesa azaldu nahi diogunez, Santa Ageda-Damazulo irteera hilaren 17ra atzeratzea erabaki dugu. Bide batez, mendizale guztiak animatu nahi ditu Lagun Onak MBk giza katean parte hartzera.\
\
Gaztetxoentzako irteera 09:00etan hasiko da anbulatorio aurrean, eta 14:30 aldera itzuliko gara etxera. Bazkideek 2 euro eta bazkide ez direnek 3 euro ordaindu beharko dute.\
\
Oharrak: Santa Ageda-Damazulo ibilaldian ura dagoen pasabide ilun batean ibili beharko denez, denok eraman beharko ditugu katuskak (motxilan, nahi izanez gero aldatzeko) eta linterna bat. Umeek kaskoren bat eramatea ere komeni da; bizikletakoa eramatea nahikoa izango da.\
\
Izena elkartearen webgunean eman behar da.\
Informazio gehiago:\
http://www.lagunonakmb.org/eu/berriak/357-santa-ageda-damazulo
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide