Azken txanpan sartuta gauden honetan 1.100 lagunera gerturatzen ari da saretuen kopurua. Izugarria izango da igandekoa. Horretarako, ordea, modu egokian antolatzea ezinbestekoa izango da, eta antolaketa horren gako nagusia garraioa izango da.\
\
Garraioari dagokionez, giza katera autobusez joatea gomendatzen da. Autobusak 09:30ean irtengo dira anbulatorio aurretik, eta bi planen artean hautatu daiteke: bata, giza kateko kilometrora joan eta giza katea amaitzean Azpeitira itzuli: eta, bestea, giza katea amaitu ostean Donostiara joatea, hiriburuetan ospatuko baitira jai nagusiak. Autobusean joateko ezinbestekoa da, lehenbailehen, izena ematea eta txartela erostea. Egun erdikoa zazpi euro ordaindu behar da, eta egun osokoa, aldiz, hamar euro. Kilometroen arabera antolatuko dira autobusak.\
\
Hala ere, kotxean joateko aukera ere badago. Aparkalekuak antolatzen ari da antolakuntza, eta ondorengo kontu hauek aintzat hartzea eskatuko genuke. 32. eta 33. kilometroetan egotea egokitzen zaienek Indaux lantegiaren aparkalekuan aparkatu beharko dute. Bertan, 150 kotxerentzat tokia egongo da, eta ondorioz, hori beteko balitz, Askizu-San Prudentzio inguruan aparkatu beharko dute gainerako autoek. 34. eta 35. kilometroetan egongo diren lagunek, berriz, Zumaiatik Santio hondartzara bitarteko aparkalekuetan utzi beharko dute autoa, edo Zumaian bertan. Autoz doazen lagun guztiei Zumaiatik joatea eskatzen zaie; izan ere, autobus guztiak beste aldetik etorriko dira.\
\
Modu batean edo bestean joan, 10:30erako bakoitza bere kilometroan egotea eskatzen da.\
\
Oraindik izena eman ez baduzu, berriz, Azoka Plazan izango gaituzue zuen zain. Aurreikuspen egokia egiteko oso garrantzitsua da azken unera arte ez uztea izen-ematea.\
\
Eskerrik asko, aldez aurretik, guzti guztioi; babesa adierazi duzuenoi, antolaketa lanetan laguntzen ari zaretenoi nahiz saretu zareten guztioi!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide