Aurten ere San Inazio jaietan profesionalen esku pilota partidak izango dira Azpeitian. Uztailaren 31n, San Inazio egunez, jokatuko dira partidak, 22:30ean hasita, Izarraitz pilotaleku eraberrituan.\
\
Punta-puntako jaialdia antolatu dute, beste behin, Azpeitiko Udalak eta Ilunpe Pilota Elkarteak. Partida nagusian, Altuna III.a eta Albisu, Olaizola II.aren eta Zabaletaren aurka arituko dira, buruz buruko bi finalistak aurrez aurre. Lehen partidan, berriz, Jon Alberdi azpeitiarrak profesionalen aurka jokatzeko aukera izango du; Erostaberekin batera, Peio Etxeberriaren eta Arangurenen aurka jokatuko du.\
\
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Aurten, lehen aldiz, Internet bidez erosi ahal izango dira https://entradium.com/entradas/san-inaziotako-esku-pilota-jaialdia webgunean. Aurrerago, uztailaren 23tik 27ra, biak barne, telefono bidez erreserbak egiteko aukera eskainiko da; 674 14 64 06 zenbakira deitu beharko da, 18:00etatik 20:00etara bitartean.\
\
Izarraizko leihatilan bertan sarrerak erosi nahi dituztenek, uztailaren 28an 12:00etatik 14:00etara; eta uztailaren 31n, partiden egunean, 12:00etatik 14:00etara eta 20:00etatik aurrera egin ahal izango dute.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide