Abuztuko azken txanpan sartzen ari garen honetan, bidaien eta jai egunen nondik norakoak elkarbanatzen ditugun bitartean, kapitalismoak bere horretan darrai, baita horren aurpegirik gordinenaren erakusleak ere. Aste honetan bertan Gasteizen bi langile hil izanaren albisteak sarrera hau idaztera behartu gaitu.\
\
Ez gara azpimarratzeaz aspertuko, kasu isolatuak izatetik haratago, kapitalaren akumulazioa helburu duen sistema honen ordaina besterik ez direla bidean gelditzen diren langileak. Soilik gure lan indarra saltzeko kondena dugunok gu eta gure familien beharrak hasetuta mantentzeko, prekarizazio fase larri batean murgildurik gaude, geroz eta ohikoagoak diren emaitza tamalgarri hauekin ordainduz azken muturrean.\
\
Heriotza hauek, bizimodu prekario batera kondenatzen gaituen lan eredu honen baitan kokatzen ditugu, gure bizitza uzteraino beste batzuen diru poltsak betetzen ditugun bitartean. Kapitalak ez du pertsona edota sentimenduetaz ulertzen, zenbaki eta zifretaz soilik ulertzen du, beti langileak izanik honen gorabeheren ondorioak pairatzen dituztenak.\
\
Krisi kapitalistak langileon baldintzetan eragin du soilik, langileon eguneroko arazoei erantzuteko gaitasuna murriztuz, estresak, antsietateak edota depresioak areagotuz. Bizitzaren zentralitatea lana mantentzeko egin beharreko borrokak hartu du, gure osasun eta ongi-izatea bermatzetik harago, logika zapaltzaile hau egunero elikatzera kondenaturik.\
\
Honekin batera, ez genuen aste honetan Uharten izan den erailketaren berri eman gabe gelditu nahi. Emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten eraso eta indarkeria kasuek gora jarraitzen dute, egunero ditugularik gertaera ezberdinen notiziak komunikabide guztietan zein gure inguruko testigantzetan. Arazoa estrukturala dela agerikoa izanik, eta egiteko dagoen lanaz jabeturik, horrelako gertaerei erantzun sendoa eman eta errotik heltzeko konpromisoak garatzen jarraitu beharrean gaude.\
\
Botere harremanetan oinarritutako gizarte eredu honetan, emakumeenganako indarkeriak milaka espresio ditu: lan prekarioak, irain matxistak, publizitatea… Askotan ez dira “indarkeria” gisa definitzen, zapalkuntza forma ezberdinak normalizatuz eta legitimatuz.\
\
Horrela, bortxaketa, tratu txar edota erailketan amaitzen diren erasoen oinarrian dauden arazoak ezkutatzen eta kasu gordinenak naturalizatzen saiatzen dira, indarrean oinarritutako harreman sozialen mantenua ezinbesteko izanik gizarte eredu honen biziraupena mantentzeko.\
\
Guzti honek, beste behin, aurretik egiteko dugun lanaz jabetu eta lanean jarraitzearen beharrean egonkortzen gaitu. Ikasturte berria hasteko dugun garaiotan, antolatzeko eta borrokatzeko dugun prestutasuna eta konpromisoa adierazten dugu, gure bizitza erdigunean jartzeko beharrezko izango ditugun baldintzak eraikitzeko lanetan sakonduta.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide