Joan den larunbatean, Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren zazpigarren etapa egin genuen Plentzia eta Getxo artean, eguraldi bikaina lagun izan genuela. 83 laguneko taldea 08:00etan abiatu ginen Azpeititik Gorlizera, bi autobusetan. Hango hondartzatik Plentziarantz ekin genion ibilaldiari, 09:30eak inguruan. Plentzia atzean utzi, eta Barrikako itsasertzean sartu ginen. Aurrerantzean, itsasertza ondoan izango genuen ibilbide osoan zehar, eta zenbait herri eta hondartza zeharkatu genituen. \
\
Sopelara iritsi aurretik, hamaiketakoa egin genuen, eta Arrieta hondartzatik barrena ailegatu ginen Sopelara. Ondoren, Barinatxe eta Azkorriko hondartzak igaro genituen, eta aurrera eginez, Punta Galeara iritsi ginen. Getxora iristean, bazkaltzeko geldialdia egin genuen Arrigunagako hondartza. Sei kilometro falta ziren ibilaldia amaitzeko, eta Getxoko Algorta, Portu Zaharra eta Areeta auzoak zeharkatuz osatu genuen hura. Ia 22 kilometro eginda, Bizkaiko zubian amaitu genuen ibilbidea, 15:35ak inguruan. Ibilaldiko argazkiak aterata, autobusa iritsi bitarteko denbora nahi zuen moduan igaro zuen bakoitzak; zerbait edanez, bainu bat hartuz... 16:20an hartu genuen Azpeitirako bidea, eta 17:35ean iritsi ginen herrira. \
\
Zazpigarren etapa amaituta, azken ibilaldia geratzen da Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa amaitzeko. Urriaren 20an izango da irteera, eta 14 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute Getxotik Bilbora. \
\
Joan den larunbateko argazkiak helbide honetan ikus daitezke: https://youtu.be/p7Bh1O4ZidQ; laburpen bideoa, berriz, hemen: https://youtu.be/p7Bh1O4ZidQ.\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide