Eman daiteke izena Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren azken etaparako

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2018ko urr. 8a, 09:32

Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren azken etapa egingo dute hilaren 20an, zapatuan, Getxo eta Bilbo artean, eta hara joateko izena eman daiteke dagoeneko, www.lagunonakmb.org helbidean edo elkartearen tabernan. Hilaren 18a baino lehen eman behar da izena, eta bazkideek 8 euro ordainduko dute; gainontzekoek, berriz, 10 euro. \ \ Hilaren 20an, 08:00etan abiatuko dira anbulatorio aurretik, eta autobusez joango dira Getxora. Han hasiko dute ibilaldia mendizaleek, eta lehendabizi Bizkaiko Zubia igaroko dute. Ondoren, Portugalete, Sestao eta Barakaldo zeharkatuko dituzte, eta Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean amaituko dute etapa, 12:30ak eta 13:00ak artean. Guztira, 14 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Tartean, ordu laurdeneko geldialdia egingo dute, eta bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du. \ \ Urtarrilean hasi zuen Lagun Onakek Azpeitia eta Bilbo lotzeko egitasmoa, eta ordutik, zazpi etapa egin dituzte mendizaleek. Azken etapa izango da hilaren 20koa, eta egitasmoari amaiera emateko afaria ere antolatu dute egun horretarako. Elkartearen tabernan elkartuko dira afaltzeko, eta interesa duenak urriaren 18ra bitartean izango du izena emateko aukera, 30 eurotan. \ \ Zortzigarren etaparen inguruko informazio gehiago, berriz, www.lagunonakmb.org helbidean aurkitu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide