Apustu etxearen aurka, 1.636 herritarren sinadura bildu ditu Elkar-ekinek hilabetean

Erabiltzailearen aurpegia \N 2018ko aza. 9a, 09:29

Urriaren hasieratik amaiera bitartean iraun du Elkar-ekinek antolatutako sinadura bilketak, eta asko izan dira herriko txoko ezberdinetan eta kalean jarritako postuetan beraien sinadura eman duten herritarrak. Zehazki, 1.636 lagunek sinatu dute.\ \ Apustu etxea ireki dute, baina Elkar-ekinetik argi dugu haren aurkako borroka ez dela amaitu. Sinadura horiek erakusten dute lokal honen aurkako jarrera oso zabala dela Azpeitian.\ \ Kalean sinadurak biltzen egon garen egunetan pertsona askorekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta herritarren kezkak eta iritzi ezberdinak zuzenean entzun ahal izan ditugu. Guretzat bereziak izan dira hainbat herritarrek eman dizkiguten testigantzak. Batzuek zuzenean ludopatia gaixotasunaren ondorioak pairatu dituzte, beste batzuek oso inguru hurbilean izan dituzte eritasun honen ondorioak. Ludopatia ezkutuan pasatzen den arazoa da, baina asko dira gure herrian bere ondorioak pairatzen ari diren pertsonak.\ \ Reta apustu etxearen arduradunak aurrera egin dute, herriaren erdian lokala irekiz. Ez genuen bestelakorik espero. Jakin badakigu apustu etxeek irabazten duten dirutza guztia pertsona gutxi batzuen poltsikoetara zuzenean doala, eta pertsona gutxi horiek beste pertsona askoren pobreziaz baliatzen dira dirutza hori egiteko. Ez gaude horrelakorik onartzeko prest.\ \ Herritarrak borroka honetan izaten ari diren inplikazioa txalotu nahi dugu, gogora ekarriz apustu etxearen inaugurazioan ere 50 lagunek apustu etxearen barruraino eraman genuela gure protesta.\ \ Aurrera begira mobilizazioak prestatzen ari garela jakinarazi nahi dugu Elkar-ekinetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide