'Azpeitian apustu etxerik ez' lelopean elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek abenduaren 15erako

Erabiltzailearen aurpegia \N 2018ko aza. 20a, 12:13

Abenduaren 15ean, larunbatez, apustu etxearen aurkako mobilizazio berri bat izango da Balentina Agirre plazan, Elkar-ekin taldeak deituta. Badira bost hilabete Elkar-ekinek apustu etxearen aurkako kanpainari ekin ziola, eta orduz geroztik asko izan dira taldeak herrian antolatu dituen mobilizazioak, ekimenak eta hitzaldiak. Besteak beste, urrian zehar egin zen sinadura bilketan 1.636 herritarrek eman zuten apustu etxearen aurkako sinadura. \ \ Abenduaren 15erako elkarretaratze berri bat deitu du Elkar-ekinek, eta ahalik eta babes gehien lortu nahian herriko talde ezberdinekin harremanetan jarri da azken egunotan. Honakoa da elkarretaratzea deitzeko idatzitako testua:\ \ Hamar urte igaro dira Reta enpresak Bilbon lehen lokala ireki zuenetik. Geroztik, estatu osoan beste 56 lokal ireki ditu enpresa horrek, eta lokal hauez gain taberna eta jatetxe ezberdinetan 2.500 terminal (apustuak egiteko makinak) ditu ezarrita. Apustuen merkatuan esperientzia zabala duten enpresari handiez hitz egiten ari gara, beraz. Beraiek izan dira gure herrian apustu etxea zabaltzeko pausoa eman dutenak.\ \ \"Krisi ekonomikoa\" deitu izan zaionaz geroztik, Espainian asko hazi den merkatuetako bat da apustuena. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Eusko Autonomia Erkidegoan 340 milioi euro gastatu ziren apustuetan 2017. urtean, 2016an baino %10 gehiago eta eta 2012an baino %113 gehiago. Enpresa hauek 46 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 gehiago eta 2012an baino %80 gehiago. Zazpi urtean biderkatu egin dira Eusko Autonomia Erkidegoan egindako apustu kopuruak, 2017. urtean 36 milioi izan zirelarik. Apustua ez dela errenta dio esaerak, baina gutxi batzuk errenta handiak pilatzen ari dira azkenaldian.\ \ Irabazi handien itzalean daude apustuetan dirua galtzen dutenak, enpresa hauek hainbeste diru irabazi izanak jendeak beste hainbeste galdu dituela esan nahi baitu. Prekarietatea eguneroko ogia den honetan, asko dira diru gehigarri baten bila apustuetara jotzen duten herritarrak. Ez da kasualitatea apustu etxeak langile auzoetan kokatu izana.\ \ Enpresa handiak sartu dira apustuen merkatuan, zeinak beti aterako diren irabazten. Abiadura da egungo apustu moduaren ezaugarri nagusietako bat: Apustu bat amaitu orduko egin dezakegu bestea, eta kasu askotan apustu bat galtzean berehala berreskuratu nahiko dugu galdutako dirua, amaierarik ez duen zurrunbilo batean sartuz. Irabaztean ere antzekoa, bat irabazi badugu zergatik ez dugu irabaziko hurrengoa? \ \ Mendekotasuna sortzen duten teknikak darabiltzate apustu etxeek, “joko arduratsua” sustatzen dutela esanez dabiltzan bitartean. Azpeitian apustu etxea ireki dute, eta ez gaude konforme. \ \ Idatzi hau sinatzen dugun taldeok Azpeitian ez dugula apustu etxerik nahi aldarrikatzen dugu, eta bat egiten dugu abenduaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, Balentina Agirre plazan izango den kontzentrazioarekin.\ \ Apustu etxerik ez Azpeitian!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide