Uztailean hasi eta oraindik indarrean den apustu etxearen aurkako kanpainaren barruan, hitzordu berri bat izango da zapatuan, hilak 14, Azpeitian. Elkar-ekin taldeak deitu du elkarretaratzea, eta herrian eremu ezberdinetan lanean diharduten hamazazpi taldek babestu dute, deitzailearen adierazpenarekin bat eginda. Larunbateko elkarretaratzea Balentina Agirre plazan –apustu etxearen aurrean– izango da, 19:00etan hasita.\
\
Elkar-ekin taldeak sustatu du Azpeitiko apustu etxearen kontrako kanpaina herrian, eta hilabeteetan zehar hainbat ekintza egin ditu apustu etxeen afera herriratzeko eta jendea kontzientziatzeko. Negozioaren kontra abiatutako ekimenen artean, sinadura bilketa egin zuen Elkar-ekinek. Hilabete pasatxon 1.636 herritarrek eman zuten sinadura apustu etxearen aurka. Horrez gain, gaia aztertzeko bi hitzaldi antolatu zituen Elkar-ekinek, eta herritar ugari bertaratu zen horietara.\
\
Larunbateko hitzorduaren garrantzia azpimarratu du Elkar-ekinek, herritarrak herriko gaien inguruan antolatzea eta mobilizatzea \"osasungarria\" delako.\
\
Basanderiek talde feministak, LAB, ELA eta CNT sindikatuek, EH Bilduk, Sortuk, Orkatz kultur elkarteak, Ernai gazte antolakundeak, Ilunpe pilota elkarteak, Ikasberri kirol elkarteak, Azpeitiko Gaztetxiek, Erniarraitz bertso eskolak, Khamar Sahararen aldeko taldeak, Marea Arroxa festa batzordeak, Urrestillako festa batzordeak eta XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo elkarteak babestu dute Elkar-ekin taldeak deitutako hitzordua.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide