Urtarrilaren 16an hasi eta hiru hilabetez luzatuko den egitasmo iraunkorra iragarri zuen Elkar-ekinek abenduan, eta jada bi elkarretaratze egin dituzte herritarrek azken bi ostegunetan. Elkar-ekineko kideak izan ziren aurrenak txanda egiten, eta bateko eta besteko sei herritarrek hartu diete lekukoa bigarren astean.\
\
Elkarretaratzea egiteaz gain eskuorriak banatzen dituzte lokalaren kanpoaldean. Honako hau dago jasota eskuorri horietan:\
\
\"Azpeitian apustu etxerik ez\
\
\"Herrian apustu etxe bat ireki behar zutela jakin nuenean, barruak buelta eman zidan\"\
\
\"Lehenengo sari potoloa irabazten duzunean hasten dira ludopatiaren zantzuak\"\
\
\"Kirol munduaz ulertzen nuelako pentsatu nuen diru asko irabaz nezakeela apustu hauetan, baina diru asko galdu nuen\"\
\
\"Nire ingurukoei dirua eskatzen nien gezurrak esanez, apustuak egin ahal izateko\"\
\
\"Denaren gainetik jarri nituen apustuak, eta seme alabak galtzera iritsi nintzen\"\
\
Ez dira guk asmaturiko esaldiak, jokoarekin arazoak izan dituzten pertsonek emandako testigantza gordinak dira. Frogatua dago apustuetan dabilena luzera beti aterako dela galtzen, frogatua dago apustu etxeak beti aterako direla irabazten. Horretarako pentsatuak daude, herritarren kontura sekulako dirutzak irabazteko. Eta horregatik egiten dute hainbeste publizitate jendeak apustu egin dezan, jakin badakitelako jokatzera hurbiltzen den jendea galtzen aterako dela eta beraiek irabazten.\
\
Apustu etxeei ez zaie inporta jendea gaixotzea, jendeak familia galtzea, jendeak pobrezia egoeran amaitzea. Ez zaie inporta jendearen bizitza, beraiek dirua irabaztea guztiaren gainetik baitago.\
\
Horregatik Azpeitiko apustu etxea sozialki baztertzeko deia egiten dugu, bertara ez joateko, herrian bakarrik eta isolaturik uzteko. Horretarako herritar guztion konpromisoa garrantzitsua dela pentsatzen dugu, gutako bakoitzak bertara joateari uko egin ezkero, apustu etxearen ondorio larriekin amaitzen lagunduko dugulako.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide