'EUStelkeria' bere liburua aurkezteko hitzaldia eman zuen atzo Igor Meltxorrek Azpeitian, 'Korrupzioa Euskal Herrian' izenburuarekin. Ikusmina sortu zuen hitzorduak eta jende ugari elkartu zen Sanagustin kulturgunean, eta horietako asko etxeratu ziren Meltxorren azken liburua besapean zutela.\
\
\"Korrupzioa bezain larria da berau ahalbideratzen duen inpunitatea\"\
\
David Fernandez CUPeko kidearen hitz horiek erabili zituen Igor Meltxorrek hitzaldiaren hasieran, eta azken urteotan Euskal Herrian eman diren hainbat kasu aztertzeari ekin zion. Urralburu kasutik abiatu eta De Miguel aferaren epaiketaraino izandako hainbat gertaera aztertu zituen Meltxorrek, besteak beste, Zubietako erraustegia, Leitzarango autobidea, AHTaren obrak, Bizkaian EAJk kudeatzen dituen hainbat udaletan emandako kasuak, Bidegi auzia eta Guggenheim auzia.\
\
Nafarroan Kontuz! elkarteak egindako lana azpimarratu zuen Meltxorrek, gogoratuz Iruñeko kaleetara 35.000 pertsona atera zituztela korrupzioaren aurka. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban antzeko dinamika baten beharra dagoela azpimarratu zuen, eta aurreratu zuen laster horren inguruko urratsak egin daitezkeela.\
\
Hitzaldiaren amaieran herritarrek hartu zuten hitza, bateko eta besteko galdera eta gogoetak plazaratuz. Besteak beste, gizarteak korrupzio kasuen inguruan duen jarrera izan zen eztabaidagai.\
\
Elkar-ekineko kide batek egin zituen aurkezpen lanak, eta gogoratu zuen hurrengo hitzordua otsailaren 13an izango dela, Sanagustinen bertan. Kasu horretan, 'Gerra hemen hasten da' dokumentala ikusteko aukera izango da, Euskal Herriko enpresa eta erakunde ezberdinek armagintzarekin dituzten loturak aztertzen dituen ikus-entzuneko lana, hain zuzen ere.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide