Datorren ostiralean, martxoak 1, sortu berri den Gedar Langile Kazetaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango da Azpeitiko Gaztetxean. Gedarreko kideek kazetaren aurkezpena egingo dute Azpeitian, eta kazetaren erabileraz, helburuez, asmoez eta funtzionamenduaz hitz egingo dute, 18:00etan hasita. Aurkezpena egin ostean, Gaztetxeko kideek prestatutako luntxaz gozatzeko aukera izango da, tertulian. Ondoren, kontzertu akustikoa eskainiko dute Jon Gurrutxagak eta Paul Beitiak. \
\
Zergatik langile kazeta?\
\
Oihua, aldarria da Gedar. Ez, ordea, demokraziaren printzipioak zaintze aldera hutsune informatiboa betetzera datorren aldarrikapena. Ez. Gedar Langile Kazetak ez du soilik bazterrean daudenak erdigunera ekartzeko xedea, ahaztutakoak oroitzea; ezta orokorrean gertatzen ari dena kontatzekoa ere. Horiek baino helburu handiagoak ezartzen dizkiogu langile klasearen tresna politiko honi: ez modu pasibo batetan errealitatearen jakintza partziala eta zatikatua jasotzeko aukera eskaintzea, baizik eta estrategia politiko iraultzailea elikatzea eta inplikazioa xaxatzea. Modu horretan, bazterrean utzitakoen potentzia politikoa askatzeko eta aldarrikatzeko tresna da Gedar.\
\
Hau ez da proiektu komunikatibo bat, beraz; hemen agintzen duen unea ez baita informatzeko borondate soila, langile klasearen emantzipazioa xede duen politikaren artikulazioan mugarri izatea baizik. Tresna komunikatiboaren forma, eta ez nolanahiko tresnarena, ez da, bada, ardatz politiko menderatzaileak une historiko honetan eskatzen duen espresioa baino. Hortaz, behar estrategiko bati erantzuten dio Gedar Langile Kazetak eta soilik horrekin konexioan du izaterik.\
\
Dagoeneko martxan da Gedar, baina behin-behineko webgunearekin. Egun gutxiko ibilbidea duen arren, mezu eta berri potoloak eman ditu jada, hala nola Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) sorrera eta Tolosaldeko Autodefentsa Sarearen baterajotze nazionalaren emaitza: Orixeko ikasleen ebaluazio irizpideak aldatzea. Honako lotura honetan ikus daiteke epe motzerako bloga:\
https://gedar.eus/blog/ \
\
Gedarreko lagunak proiektuaren aurkezpen bira egiten ari dira Euskal Herritik azken asteotan, eta Herri Unibertsitate nazionaletik igaro ostean, gure etxean egingo dute hurrengo geldialdia. \
\
Langile kazetaren xehetasunak ezagutu ostean, Jon Gurrutxagaren era Paul Beitiaren doinuek goxotuko dute ostiral gaua. Animatu Gedar ezagutzera! \
\
Gu arduratuko gara iraultzaren gedarra zabaltzeaz.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide