Bertanek, Azpeitiko merkatarien elkarteak, Azpeitia Txartelaren erabiltzaileei zuzenduriko kanpaina berri bat jarri du abian. Ekimen horren bidez, martxoaren 14tik 24ra Azpeitia Txartelarekin eginiko erosketak doan izan daitezke. Herritar txartelarekin egiten diren erosketen artean, elkarteko saltokietako datafonoek zuzenean batzuk aukeratuko dituzte, eta horiek doan izango dira. Ordainketa egiteko momentuan jakingo da erosketa doan izan den ala ez.\
\
Kanpaina honen bidez, Azpeitia Txartelaren erabilera bultzatu nahi du merkatarien elkarteak. Bertan bizi eta erosteko filosofiaren sustapenerako eginiko ekimen hau aukera bikaina izan daiteke herrian erosketak egin eta, zori pixka batekin, ordaindu beharrik ez izateko.\
\
Azpeitia Txartela eskuratu nahi duenak, elkarteko saltokietan edo Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoan (Foru Ibilbideko 10. zenbakian) egin dezake. Txartela doakoa da, hurrengo erosketetarako deskontuak pilatzen ditu eta inolako interesik gabe, ordainketak hiru hilabete atzeratzeko aukera ematen du.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide