Orbea garaile XLVI Amaikak Bat lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko api. 7a, 15:18

Larunbat goizean Deban jokatutako XLVI Amaikak Bat sarian garaipena lortu zuen Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia taldeko Mikel Orbea azpeitiar txirrindulariak. Ziklokros denboraldi bikaina egin ostean, atseden hartu zuen Orbeak, baina maila gorenean bueltan da berriz ere.\ \ Bost lagunez osatutako eguneko ihesaldian sartu zen txirrindularia, eta pelotoiarengandik ihesean egin zituen lasterketako kilometrorik gehienak. Ihesaldiak ez zuen inoiz pelotoiko txirrindulari indartsuenen baimenik izan, eta gogotik saiatu behar izan zuten ateratako denbora tarteari eusteko. Azkenengo mendatera, Itziarko gainera, 40 segunduko abantailarekin iritsi zen ihesaldia. Bertan utzi zituen atzean Orbeak bere iheskideak, eta bakarrik iritsi zen Deban kokatuta zegoen helmuga marrara. Garaipenaz gain, Orbeak mendiko saria ere irabazi zuen, Itziarko mendatean lehenengo postuan igaro baitzen.\ \ Taldeko gainontzeko txirrindulariek ere postu onak lortu zituzten. Izan ere, Alex Uranga hamargarren eta Mikel Berasategi hamaikagarren postuan sartu ziren helmugan. Taldekako sailkapenean bigarren izan zen Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia taldea, Urretxuko Bellota taldearen atzetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide