Azpeitiko merkatariek bertako saltokietan erosketak egitera animatu nahi dituzte herritarrak. Horretarako, 10 euroko deskontua eskaintzen duten erosteka bonoak jarriko ditu salgai Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak. Bono horiek, 30 euro ordainduta erosi ahal izango dira eta saltokietan erabiltzerakoan 40 euroko balioa izango dute.\
\
Apirilaren 11n, osteguna, Azoka Plazan kokaturiko postu batean salduko dira bonoak, 09:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. Bono kopurua mugatua izango da, 200 ale jarriko dira guztira salgai, eta ondorioz pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez.\
\
Ez da Bertan elkarteak kanpaina hau egiten duen lehen aldia, azken urteetan behin baino gehiagotan jarri ditu antzerako bonoak salgai, arrakasta handiarekin. Edozein kasutan, oraingoan bada berritasun bat, izan ere, bonoek duten 40 euroko balioa 10 euroko lau zatitan banatuta egongo da, bakoitza merkataritza-sektore jakin batera zuzenduta (moda-bitxitegiak, elikadura-osasuna-edertasuna, kirola-optikak-oinetakoak-mertzeriak eta dekorazioa-teknologia-besteak). Modu horretan, Bertan merkatari elkartea osatzen duten saltokien aniztasuna sustatu nahi da, bonoak sektore ezberdinetan erabiltzea bilatuta.\
\
Ekimen honekin, Azpeitiko merkataritza bizirik mantentzeko herritarrek duten garrantzia azpimarratu eta erosketak egiteko erraztasunak eman nahi dizkie merkatari elkarteak. Herrian kontsumitzeak soilik bermatu dezake herriko kaleak saltokiz beteta eta bizirik izatea.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide