Jantoki soziala elkartasuna da. Gure bizitzak gero eta hauskorragoak bihurtzen ari diren garaiotan, langileon oinarrizko bizi baldintzak kolpatuak dira egunero. Behargin garenok gure azalean bizi edo gertutik ezagutzen ditugu lan baldintza prekarioak, langabeziaren ondorioak, etorkinen errealitate gordina, pentsionisten borroka, lan instripuak... Baina dominazio kapitalista ez da lan baldintza miserableetara mugatzen. Krisi kapitalistak gure bizitzako esparru guztietan du eragina, eta beraz, gure artean gorpuzten diren harreman guztiak baldintzatzen ditu. Baina krisiaren eraginak ekonomikoak ez ezik, sozialak dira. Horren aurrean, uste dugu beharrezkoa dela elkartasun printzipioetara jotzea, eta elkartasunean oinarritutako dinamikak gorpuztea eta hedatzea. Horretara dator martxan jarriko dugun jantoki soziala. \
\
Krisiaren seme-alabon jantoki soziala ez da behar sozialei erantzuteko soilik jaio, eta horregatik ez da karitatean oinarritzen, elkartasunean baizik. Bazkari bat bitarteko, krisiaren ondorioak modurik zuzenenean jasaten ditugunok elkartuko garen espazioa sortu nahi dugu. Behar sozialei erantzuteko, gure hausnarketak nahiz kezkak elkarbanatzeko eta elkartasuna antolatzeko mahaia izango da jantoki soziala. \
\
Krisiaren seme-alabok datorren ostiralean, apirilaren 26an, egingo dugu aurreneko jantoki soziala Esklabetako babes gunean, 13:30ean hasita. Hori egin ahal izateko, aurrez bilera ireki bat egingo dugu jantoki sozialaren antolakuntzan parte hartu nahi duten lagunekin. Bertan, lekua ikusteko, proiektua gertutik ezagutzeko, funtzionamenduaren berri izateko eta proposamenak egiteko aukera egongo da. Hitzordu hori asteazkenean, hilaren 24an, izango da, 19:30ean hasita, Esklabetako ezker hegaleko 0 solairuan. Ateak zabalik izango dira egitasmoan interesa duen pertsona ororentzat! \
\
Jantoki sozialean ikusiko dugu elkar!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide