Prekarietateak hil egiten du. Bizitza duinak herritarrontzat.\
\
Ezer baino lehen, lanean ari zirela hil diren bi herritarren senide eta hurbilekoei gure elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkiegu une latz hauetan. \
\
2018. urtean 68 pertsona hil ziren lan istripuen ondorioz, eta 2019. urtea hasi zenetik 18 dira hil direnak.\
\
Datuek argi adierazten duten gisan, heriotza hauek ez dira kasualitatearen ondorio. Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Egiturazkoa eta erabat orokortua den prekarietatea dago heriotza hauen guztien jatorrian.\
\
Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar. Lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, prebentzio neurri eskasak, mehatxuak eta kaleratzeak. Milaka dira gaur-gaurkoz egoera honetan lan egitera behartuak dauden langileak, eta egoera gordin hau kontuan hartuz bakarrik esplikatu daiteke hainbeste pertsona lanean hiltzea. \
\
Azken heriotzen kasuan azpimarratu nahi dugu biak zirela jatorri marokoarra zuten langileak. Aurrez erabat orokortuak eta finkatuak dauden prekarietate egoerak areagotu baino ez dira egiten pertsona migranteen kasuan. Eta une honetan errealitate hau mahai gainean jartzea ezinbestekoa dela sentitzen dugu.\
\
Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Batzuen diru nahi mugagabea besteen bizitzen gainetik jartzearen ondorioa, hain zuzen ere. \
\
Nahikoa da. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko. Ezin dugu hurrengo heriotzaren zain egon. Egiturazkoa den arazoari egiturazkoak diren soluzioak eman behar zaizkio, eta hori erakundeen ardura da hein handi batean.\
\
Herritarrok batu eta erabat orokortua den prekarietate egoeraren aurrean antolatzea eta mobilizatzea beharrezkoa izango da aurrerantzean ere. Langileon arteko elkartasuna landuz, eta egoera hauen arduradunei aurre eginez. \
\
Testu hau sinatzen dugunok dei egin nahi dugu asteazken honetan, maiatzak 22, 19:00etan Azpeitiko plazan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.\
\
CNT\
Sortu\
ELA\
LAB\
Gaztetxie\
Ernai\
Elkar-ekin
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide