Elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako Basanderiek asanblada feministak, joan den asteartean Urruñan (Lapurdi) izandako hilketa matxista salatzeko. 19:00etan izango da, plazan.\
\
Deialdiarekin batera, irakurketa hau helarazi nahi die herritarrei Basanderiek asanblada feministak:\
\
\"Beste erailketa matxista baten berri izan genuen asteartean, lehendabizikoa dugu aurten Euskal Herrian: Mavie Nervi, gogoan zaitugu! 81 urteko emakumea erail berri du bere bikotekideak Urruñan, Lapurdin. Asteartean aurkitu zuten emakumea bere etxean hiltzaileak tirokatu ostean; ondoren bere buruaz beste egin zuen hiltzaileak. \
\
Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren biziraupenerako ezinbesteko tresna baita. Eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. \
\
Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da. Kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean agente sozial politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa dugu. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da. \
\
Mavie Nervi eta beste emakume erailen kasuak dira indarkeria matxistaren adierazpen gordinenak eta basatienak. Ezin dugu ahaztu, ordea, lehen aipatu bezala, sistema oso bat dagoela honen oinarrian eta bestelako indarkeria kasuak ere gogoan ditugu, egunerokoan gure azalean zein ezkutuan pairatzen ditugunak. Hala nola, azken asteetan gure eskualdean jazotako erasoak salatu nahi ditugu: batetik, ekainaren 11n Azkoitian 31 urteko gizon batek bere bikotekidea kolpatu izana; eta bestetik, Zumaian, ekainaren 15ean, larunbat gauean, gizon talde batek emakume bat jazartu izana.\
\
Basanderiek talde feministak gure babesa adierazi nahi diegu Mavie Nerviren familiari eta ingurukoei. Bide batez, gogoan izan nahi ditugu aurreko urtean erail zituzten emakumeak ere. Egiturazko indarkeria honen aurrean autodefentsa feministarako deia zabaldu nahi dugu, beharrezkoa dugulako ahalduntzea eta antolatzea, botere harreman oro suntsitu eta gizarte askeago bat eraikitzeko.\
\
Gora borroka feminista!\"
"99530
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide