1975eko irailaren 27a, egun beltza egutegi gorrian. Egun hartan, Juan Paredes 'Txiki' zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra hil zituen Guardia Zibilak FRAPeko beste hiru kiderekin batera: Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena, hain zuzen ere.\
\
ETAko kide izanik, erregimen frankistaren aurka eta Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren alde borrokatzeagatik hil zituzten Txiki eta Otaegi. \
\
Frankismoaren esku armatuak hil zituen azken pertsonak izan zirela esan ohi dute, baita erregimenaren amaierak demokraziaren garaia ekarri zuela ere, historia beren interesetara manipulatzen dute bertsio ofiziala langileon odol tantez idazten dutenek.\
\
Guk badakigu, ordea, trantsizioan, oinarria zalantzan jarri ez zuten erreforma batzuk burutu zirela soilik, diktaduraren eta demokrazia burgesaren arteko lotura zuzena desitxuratzea zutenak helburu. Ez zen bi erregimen politikoen arteko hausturarik egon.\
\
Horrez gain, badakigu demokraziarako trantsizioa langile klasearen zapalkuntzan oinarritzen den mundu mailako sistemak exijitzen zuen modernizazioak bultzatu zuela, aginte forma zaharra ez baitzen errentagarria, ez Espainiar burgesiarentzat, ezta burgesia internazionalarentzat ere. Horrek azaleratzen du , bai faxismoak eta baita demokraziak ere, kapitalaren beharretara antolatzen den ordenamendu sozialari erantzuten diotela.\
\
Berdintasunaren eta askatasunaren ideal politiko demokrata abstraktuek langileon eskubideak defendatzen dituztela saldu digute. Hala ere, ideal horiek egunerokoan pairatzen dugun klase zapalkuntza ezkutatzea dute helburu. Denok hiritarrak garenaren ideiak despolitizazioa eta neutraltasuna dakartza berarekin. Elementu onuragarriak dira hauek langile klaseak kontzientzia hartzea ekidin nahi duten klase agintarientzat.\
\
Alderdi politiko anitzen artean aukeratu ahal izateak pluraltasunez hornitzen du erregimena. Bestalde, pluraltasunaren ideiaren atzean egin daitekeenaren eta egin ezin daitekeenaren mugak garbi zehaztuta ageri dira. Muga horietatik kanpo geratzen diren mugimendu politiko guztiak zanpatuak izaten dira burgesiaren esanetara dauden estatu aparatuen partetik –Epaileak, legeak, polizia...–. Langileria gogor kolpatzen dute errepresio forma anitzen bidez. Adibidez, 2016ko Gudari Eguneko ekitaldi batean parte hartzeagatik atxilotuak izan ziren Euskal Herriko lau gazte, epaiketaren zain daude oraindik.\
\
Baliatu dezagun irailaren 27a sistemaren aurka borrokan erori zirenak lehen lerrora ekartzeko, errepresioa salatzeko eta hori pairatzen dutenei elkartasuna adieraztek, baita iraultzaren gaurkotasuna aldarrikatzeko ere. \
\
Borroka zilegia zelako eta zilegia izaten jarraitzen duelako: oroimena, duintasuna eta borroka!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide