Urriaren 19an, larunbatez, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko zortzigarren eta azken etapa egingo dugu Biasteritik Oionera. 07:00etan abiatuko gara anbulatorio aurretik Biasterira joateko, eta han sartuko gara GR-38 bidean.\
\
19 kilometroko ibilaldi erraza izango da, eta mahastietatik barrena joango gara. Hamaiketakoa egiteko hamabost minutuko geldialdia egingo dugu El Campillarren. 13:30 alderako Oionera iristea aurreikusten da, eta hala izatekotan, denbora izango dugu Oion herria ezagutzeko eta zerbait hartzeko. Ondoren, autobusez Logroñora joango gara. Behin Logroñora iritsitakoan, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea behar bezala agurtzeko, 14:30ean bazkaria egingo dugu El Embarcadero jatetxean. Sabelak bete ostean, 17:30 aldera itzuliko gara Azpeitira autobusez. \
\
Dagoeneko zabalik dago zortzigarren etapan parte hartzeko izen-ematea, eta urriaren 13a izango da horretarako azken eguna. \
\
Izen-ematea eta bazkaltzeko txartela eskuratu nahi dutenek, 50 euro ordaindu beharko dute txartela eta izen-ematea. Ez da beharrezkoa bazkaltzeko txartela erostea, eta, beraz, mendi irteeran soilik parte hartu nahi dutenentzat merkeagoa izango da izen-ematea. Hain zuzen, Lagun Onak mendi bazkunaren bazkideek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Bazkide ez direnek, berriz, hamabost euro. \
\
Bazkarirako txartelak Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan erosi behar dira. Egitasmoaren azken etaparako izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean ere egin daiteke.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide