Azken asteotan Katalunian izaten ari den oldarraldi errepresioaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Urolako Ikasle Abertzaleakek, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Azpeitiko Gaztetxeak, 'Errepresioaren aurrean langile batasuna' lelopean. Bihar, osteguna, egingo dute kontzentrazioa Azpeitiko plazan, 19:00etan.\
\
Katalunian ematen ari den salbuespen egoerak 600dik gora zauritu, 200dik gora atxilotu, 25etik gora espetxeratu... utzi ditu dagoeneko, baita Espainiako Estatutik kanporatzeko arriskuan dauden bost pertsona ere . Horren aurrean, Urolako Ikasle Abertzaleakeko kideek, Gazte Koordinadora Soziakistakoek eta Azpeitiko Gaztetxekoek elkartasuna agertu nahi diete jazarriak izaten ari diren militante eta manifestari guztiei, eta, era berean, espetxeratutako guztien berehalako askatasuna eskatzen dute. Halaber, hiru eragiletako kideek babesa adierazi nahi diete \"kolore desberdinetako indar polizialei hortzak erakusten jardun duten\" manifestariei: \"Txalogarria iruditzen zaigu izaten ari diren oldarraldi errepresiboari erantzuteko duten adorea eta kemena, finean, txalogarria iruditzen zaigu izaten ari diren borrokarako grina\".\
\
\"Azken asteko gertaerek erakusten dute politikari katalanen aurkako sententziak Kataluniako gizarte zibilean inflexio puntu bat suposatu duela; eta azken urteotan batasun forman eman diren mobilizazio eta adierazpen desberdinak hautsi egin direla\", diote. \"Haustura horretan\", subjetu ezberdinak azaleratu direla pentsatzen dute: \"Batetik, gazte belaunaldiak daude, mobilizazio forma ezberdin baten gisan ageri zaizkigunak. Bestetik, antolakunde demokrata burgesak ageri zaizkigu, ematen ari diren mobilizazio forma ezberdinen aurkako kontsentsu berriak erakusten dituztelarik. Horrela, auzi nazionala ebazteko beren artean antagonistak diren formak mahai gaineratu dira azken astea\". Auzi nazionala ebazteko forma ezberdin horiek, azken urteotan Kataluniako alderdiek ahotan izan duten batasun nazionalaren hipotesiaren desagerpena ekarri dutela uste dute IAko, GKSko eta Azpeitiko Gaztetxeko kideek, eta diote argi ikusarazi direla nazio formaren barruan elkarrekiko antagonistak diren bi proiektu politiko daudela: \"Batetik, langile masen nazioa, eta, bestetik, nazio burgesa\". \
\
Horrez gain, Kataluniako auziak Espainiako demokrazia liberalaren oinarrian dagoena \"burgesiaren diktadura\" dela erakutsi duela diote elkarretaratzearen deitzaileek: “Botere erregimenaren pean burgesiaren diktadurak Espainiako Estatuaren oinarri izaten jarraituko duela erakutsi du”.\
\
IAko, GKSko eta Azpeitiko Gaztetxeako kideek nazioen autodeterminazio eskubidea defendatzen dute: \"Baina jakin badakigu auzi nazionala ezingo dugula gainditutzat eman estatu burgesaren baitan ematen den bitartean. Nazio eraikuntzak guretzat Estatu Sozialistaren eta botere proletarioaren eraikuntzaren forma hartu beharra dauka. Beraz, Euskal Herriak behar duen moduan, Herrialde Katalanentzat ere estatu sozialista propioaren beharrezkotasunean berresten gara\".
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide