Urtebete pasatu da Azpeitiko apustu etxeak ateak ireki zituenetik, eta urtemuga horren harira Elkar-ekinek ekimen berezi bat prestatu du azaroaren 22rako. Apustu etxearen aurrean elkarretaratze zaratatsua deitu du, eta herritarrak zarata ateratzeko txistuekin eta tresnekin bertaratzera animatu ditu.\
\
Apustu etxearen aurkako elkarretaratzearekin bat eginez, herriko hainbat taldek eta norbanakok argazkia atera zuten atzo arratsaldean Azoka Plazan. Besteak beste, ELA, LAB, EH Bildu, Gaztetxea, Ernai, Basanderiek, XJ Auzolanean, Urrestillako Festa Batzordea, Marea Arroxa, Ikasberri Kirol Elkartea, Krisiaren Seme-Alabak, Orkatz Kultur Elkartea eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak agertu ziren argazkia ateratzera. Horiez gain, argazkira animatu ziren azken urtean apustu etxearen kontra egindako ekimen ezberdinetan parte hartu duten kuadrillak eta norbanakoak.\
\
Azaroaren 22ko protesta 19:00etan izango da, Balentina Agirre plazan dagoen apustu etxearen aurrean.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide