Gabonetan erosketak Azpeitian egiten dituzten bezeroak saritzeko helburuarekin, Bertan merkatari elkarteak Olentzeroren eta Maridomingiren Ginkana jarri du martxan.\
\
Herriko etxe guztietara eskuorri bat banatu dute dagoeneko, eta hori Bertaneko sei establezimendutako zigiluekin beteta, mila euroko 200 euroko bost erosketa bonoren zozketan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Kanpainan parte hartzen duten saltokiek kartel bereizgarri bat izango dute erakusleihoan, bertan erosiz gero zigilua lor daitekeela adierazteko. Aldi berean, etxean jasotakoaz gain eskuorri gehiago behar dituztenek saltoki horietan eskuratu ahal izango dituzte.\
\
Horrenbestez, zozketan parte hartu nahi duten bezeroek elkarteko sei saltokitan egin beharko dituzte erosketak abenduaren 23ra bitartean. Zigiluak lortuko dituzte horiek, eta eskuorria zigiluz betetzean, herriko puntu ezberdinetan jarriko diren postontzietako batean utzi beharko da (Damaso auzoan, Olazko Amaren plazan, Jose Artetxen, Sanjuandegin eta Loiolabiden). Pertsona bakoitzak nahi adina eskuorri osatu ahal izango ditu; modu horretan, saria eskuratzeko aukerak areagotuko ditu. Saridunen izenak Olentzerok berak aterako ditu abenduaren 24ko etorrera ekitaldian.\
\
Irudian, joan zen urteko zozketa unea, Olentzerorekin eta Maridomingirekin.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide