Pasa den igandean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 37. edizioa jokatu zuten Ordiziako Majori igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraizko hamar igerilari. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Caba Siladji serbiarra nagusitu zen gizonezkoetan, eta Lidon Muñoz castellondarra emakumezkoetan. Isaac Pousadak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko.\
\
Goizean, aurre kanporaketako serieak jokatu zituzten, eta Iñaki Etxeberria, Lander Uria, Jurdan Arakistain, Asier Zulaika, Intza Odriozola, Alazne Sudupe, Maier Lizarzaburu eta Elene Sudupe arratsaldeko finaletatik kanpo gelditu ziren. Maialen Sudupek eta Iker Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.\
\
Maialen Sudupek bi finaletan parte hartu zuen: 50 metro bizkarren (4. postua) eta 100 metro bizkarren (3. postua); Iker Aizpuru, berriz, 50 libre igeriketa egokituan azkarrena izan zen. Gureak, guztira, bost marka pertsonal lortuta itzuli ziren etxera.\
\
Festa garai hauek ez dira aproposenak lehiarako, ia guztiok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta. Gutxiago entrenatzen eta deskantu eta gehiago jaten dugu, eta hori guztia txapelketetan nabaritu egiten da. Hala ere, Isaac Pousada entrenatzailea gustura etorri zen taldekideek orokorrean lortu zituzten emaitzekin.\
\
Zorionak eta segi gogor prestatzen Gipuzkoako koparako!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide