'Zaldibar argitu, langileak aurkitu, errauskailua gelditu' lelopean bihar egingo den manifestazioa babestu dute Azpeitiko hamabi eragilek.\
\
Honako hau da eragileek sinatu dute testua:\
\
\"Egun hauetan Zaldibarren eta inguruko herrietan ematen ari diren gertaeren aurrean, honako adierazi nahi dugu:\
\
Ezer baino lehen, desagertuta jarraitzen duten bi langileen senideei gure elkartasun eta hurbiltasun guztia helarazi nahi diegu. Langile hauen gorpuak aurkitzeak lehentasuna du une honetan, eta horretarako baliabide guztiak jartzea eskatzen dugu. Hauekin batera, gogoan ditugu urtea hasi zenetik lanean hil diren beste hamaika langileak ere.\
\
Inolako kontrolik gabe, orotariko hondakinak nahasian jasotzen zituen Zaldibarko zabortegiak, inguruneari eta herritarren osasunari erreparatu gabe. Zabortegiak gain hartu duen honetan, ondorioak are larriagoak bihurtu dira: suteak, amiantoaren agertzea eta airean dagoen dioxina kopurua kasu. Gertatzen ari denaren informazio osoa eta gardena izatea aldarrikatzen dugu, baita enpresako arduradunen eta arduradun politikoen artean zituzten isilpeko hitzarmenak zein ziren jakitea ere.\
\
Hondakinen kudeaketaren atzean (ere) itzeleko interes ekonomikoak daudela agerian gelditzen ari da azken urteetan. Hondakin gutxiago sortzeko eta birziklatzeko politika eraginkorrak baztertu dira erakunde nagusietatik, enpresa handien interes ekonomikoen menpe dauden politikak bultzatuz. Baina enpresari handien irabazien itzalean daude ingurugiroari eta herritarren osasunari egindako kalteak. Zaldibarko kasuan bezala, antzekoa ikusten ari gara Zubietan laster martxan jarriko den erraustegiarekin. \
\
Horregatik, hondakin gutxiago sortzea eta ahalik eta gehien birziklatzea ahalbideratzen duten hondakin-politikak ezartzea eskatzen dugu, erraustegia bezalako proiektuak bertan behera utziz.\
\
Amaitzeko, bat egin nahi dugu larunbat honetarako deitu den manifestazioarekin. Zapatuan 18:30ean plazan izango gara gu ere\".\
\
Sokaitz Eskalada Taldea\
Lagun Onak Mendi Bazkuna\
Sortu\
ELA sindikatua\
LAB sindikatua\
Elkar-ekin\
Basanderiek\
Erniarraitz Bertso Eskola\
Tabernarien Elkartea\
EH Bildu\
Ernai\
Xanjuandegi Auzolanean
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide