Iraurgi Berritzen garapen agentziak BIC Gipuzkoarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, Gosari Teknologikoak: Ikasiz 4.0 egitasmoa jarri du martxan. Martxoaren 5ean hasi eta maiatzaren 7a bitartean egingo dituzte Gosari Teknologikoak Azpeitiako Basazabal Jauregian, bi helburu nagusirekin.\
\
Alde batetik, Enpresa Guneako ordezkarien proposamenari erantzunez, Ikasiz proiektuarekin jarraitu nahi du Iraurgi Berritzenek. Horren helburua da eskualdeko enpresetan garatzen ari diren proiektu eta praktika onak elkarbanatzea, elkarren arteko ikasketa prozesuak bideratuz. Bestetik, 2019an identifikatutako etorkizuneko joera teknologikoak eta bereziki eskualdeko enpresen negozio ereduetan eragina izango dutenak lantzea.\
\
Hori dela eta, DigiTalentu enpresa adituaren eskutik Serbitizazioaren inguruko lehen jardunaldia egin zuten martxoaren 5ean Basazabalen. Gai horretako adituez gain, enpresa esperientzi desberdinak azaldu zituzten Sammic S.L, Orkli S.Coop eta P4Q Electronics S.L enpresek. Ondorio moduan, gai horren inguruan gehiago sakontzeko interesa agertu dute aurreneko saioan parte hartu duten hamalau enpresek. Iraurgi Berritzenek enpresen nahi horiei erantzungo die, konpromisoz. \
\
Hurrengo hiru hilabeteetan zehar honako gai hauek landuko dira Gosari Teknologikoetan: digitalizazioa, zibersegurtasuna, BlockChaina eta robotika kolaboratiboa, besteak beste. Adituen, Start-UP-en eta hainbat enpresen esperientzien bitartez landuko dira aipatutako gaiak. Honako hauek dira datak: \
\
- Martxoak 25: Zibersegurtasuna eta BlockChain teknologiak.\
- Apirilak 30: Robotika kolaboratiboa.\
- Maiatzak 7: Serbitizazioa eta digitalizazioa: 2. Saioa: WorkShop\
\
Gai horiek lantzeko interesa duten enpresek Iraurgi Berrritzenekin harremanetan jarri besterik ez dute, 943-02 60 69 telefonora deituta.\
\
Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia da Iraurgi Berritzen. Tokiko udalek lankidetzan eskualdearen sustapen sozioekonomikorako dituzten politika eta estrategia publikoen garapenaz arduratzen da erakundea, non bere helburu estrategikoen artean dagoen, eskualdeko enpresen lehiakortasuna, garapena, eta eraldaketa sustatzea, enpresen beharren arabera proiektuak garatuz.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide