Azpeitiko eraikin publikoetan apustu etxeen publizitatea debekatzeko eskatu dio Elkar-ekinek udalari

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mar. 9a, 13:20

Elkar-ekin taldeak gure kexa agertu nahi dugu Azpeitiko eraikin publikoetan apustu etxeen publizitatea egoten delako. Zehazki, urtea hasi denetik gutxienez bi kirol emanaldi ezberdinetan ikusi dugu aipatu publizitatea Izarraitz pilotalekuan: urtarrilaren 3an izan zen pilota partiduan (Codere enpresaren publizitatea) eta martxoaren 7an izan zen binakako aizkolari txapelketan (Kirolbet enpresaren publizitatea). \ \ Publizitatea da jendea apustuetara erakartzeko Codere, Kirolbet eta antzeko enpresek darabilten bitarteko nagusia. Publizitateak eragin zuzena du ezagutzen ari garen apustu negozioen goraldian, eta nola ez, bere ondorioetan. Apustu enpresak irabazi itzelak izaten ari dira, baina irabazi horien itzalean daude gero eta herritar gehiagorengan eragina duten ludopatia kasuak. Urtez urte larriagotzen ari da egoera, eta horren adierazle dira azkenaldian gaiaren inguruan sortu den kezka soziala eta enpresa horiekiko aurkakotasun gero eta handiagoa. \ \ Ludopatia pobrezia gordinaren eragile izan daiteke, gero eta familia gehiagotan du eragina, askotan ezkutuan igarotzen diren errealitateak izan arren. Depresioak, laneko arazoak, familien apurketak, lapurretak, konfiantza galtzeak eta antzekoak ohikoak dira ludopata den pertsonaren inguruan, kasurik larrienetan suizidiorako joerak ere eman daitezkeelarik. Herrian bertan ditugu horien guztien adibideak.\ \ Azken datuen arabera, ludopata berrien hamarretik bat gutxienez adin txikikoa da. Enpresa horien helburu bakarra diru gehiago pilatzea izaki, ez dute inolako eragozpenik adin txikiko herritarrak ere apustuetara bultzateko. Iazko otsailean 16 urteko gazte batek bere burua grabatu zuen Azpeitiko Reta etxearen lokalean inolako arazorik gabe apustua egiten. Orduko alkateak gaia ikertzeko asmoa erakutsi zuen Twitter bidez, baina guk dakigula apustu etxera adin txikikoek joaten jarraitzen dute, eta hemen ez da ezer gertatzen. \ \ Enpresa horien helburu bakarra dirua da, milaka pertsonen bizitzetan sekulako kalteak eraginez lortutako dirua. Horregatik, gure herrian gai hau lantzen jarraitzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu, eta datozen asteotan egitasmo berriak egingo ditugu apustu etxearen aurka.\ \ Azpeitiko Udalari gaiaren inguruko konpromiso argia eskatu nahi diogu. Zentzu honetan, Azpeitiko eraikin publikoetan apustu enpresen publizitatea debekatzea berehala hartu beharreko erabakia da, gure ustez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide