Azpeitian inor ez bakarrik!
\
\
Aste gogorrak datozela aurreikusi dezakegu; gertatzen ari den guztiak eragin handia izan dezake gure bizitzetan. Erakunde handiek utzikeriaz dihardute, osasungintza publikoan egindako murrizketak nozitzen ari gara, eta patronalak interes kapitalistak hobetsiko ditu gure bizitzen gainetik. Ezer berririk ez zentzu horretan. Horregatik, elkar babestea baino ez zaigu gelditzen. Landu dezagun elkartasuna. Posible duenak eman dezala eta behar duenak eskatu dezala. Datozen egun eta asteetan, beraz, kontuan izan:
\
\
1. Zure lantegian arazoak sortzen badira, eta zerbait sinatzeko eskatzen badizute, ez sinatu ezer. Jo sindikatu batera, horretarako daude. Herrian bertan ditugu ELA eta LAB sindikatuen egoitzak.
\
\
2. Ziurtatu zure ingurukoek (gurasoak, lagunak, aitona-amonak, osaba-izebak) beraien beharrak aseta dituztela. Ez konformatu "lasai, ez dut ezer behar" batekin. Ziurtatu horrela dela.
\
\
3. Aukera baduzu eman izena udalak ireki duen boluntarioen poltsan. Jende asko bakarrik bizi da, baina egun hauetan ez du inork bakarrik eta babesgabe sentitu behar. Erosketak egiteko eta antzekoetarako laguntza beharko du jendeak. Apuntatzeko telefonoak: 943 54 79 83 eta 943 15 71 92.
\
\
4. Inguruan norbait galduta edo larri ikusten baduzu hitz egin berarekin, eskaini laguntza edo jakinarazi udaleko zerbitzu sozialei. Berez baztertuenak diren sektoreak dira egoera hauetan kaltetuenak atera ohi direnak. Ez ditzagun babesgabe utzi.
\
\
5. Haurren zaintzan lagundu: aukera baduzu, lagundu haurrak dituzten zure ingurukoei (senideak, etxepekoak...), horiek lanean daudenean haurrak etxean hartuz, adibidez.
\
\
6. Edozer dela ere Elkar-ekinek lagun zaitzakeela pentsatzen baduzu, ez egin zalantzarik eta jarri gurekin harremanetan, 615 71 59 61 telefonora deituta edo \'elkar_ekin@hotmail.com\' helbidera idatzita.
\
\
7. Aste hauetan herritar asko etxean egongo dira, baina asko dira egoerak behartuta lanaldi luzeak egingo dituztenak: osasun langileak, zaintza lanetan dabiltzanak, etab. Zaindu ditzagun horiek ere, zaindu dezagun gure jendea.
\
\
8. Probestu dezagun geldialdi hau gure gizarteaz gogoeta egiteko, sistema kapitalistaren ondorioei erreparatzeko eta etorkizunari elkartasunetik begiratzeko.
\
\
ELKAR-EKIN
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide