Sekulako arrakasta izan zuen Bertan merkatari elkarteak atzo iluntzerako antolatu zuen galdera-erantzunen jokoak. Bostehun parte hartzaileko muga zuen eta aise iritsi ziren muga horretara. Punturik gehien eskuratu zituen parte hartzailea Joxe Luix Azpiazu izan zen, galdera guztiak zuzen erantzunda. \
\
Antolatzaileak \"gustura\" daude herritarrek emandako erantzunarekin. Adierazi dute parte hartzaile kopuruak \"aurreikuspenak gainditu\" egin zituela eta ondorioz, \"zoritxarrez\", zenbait herritar partida jokatu ezinik gelditu zirela. Elkarteak esan du “asko sentitzen” duela jokoan parte hartu ezin izan zuten horiengatik.\
\
Lehiatzea lortu zuten bostehun erabiltzaile horien artean, Joxe Luix Azpiazu izan zen puntu gehiena eskuratu zituena. Galdera guztiak \"zuzen eta azkar\" erantzunda, 35.880 puntu eskuratu zituen hark. Atzetik izan zituen, podiuma osatuz, Larra II eta Ana Lertxundi erabiltzaileak. Konfinamendua amaitzean, irabazleari 100 euroko erosketa txartela emango dio Bertanek.\
\
Atzo iluntzeko lehiaketak izan zuen arrakasta ikusita, merkatari elkartea bigarren edizio bat egiteko aukera aztertzen ari da, beti ere, lehenengo honetan izandako parte hartzaile mugari konponbidea jartzea lortzen badu.\
\
Bertanek eskerrak eman nahi dizkie lehiatu ziren guztiei, erakutsi baitzuten gertutik bizi dutela herriko merkataritza. Lehiaketako erantzunetako batek zioen moduan, “herritarrak dira merkataritza bizirik mantendu dezaketenak”. Azpeitiko saltoki txikiak bertan zeuden, bertan daude eta, herritarren laguntzarekin, bertan egongo dira.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide