COVID-19ak eragin duen krisiaren ondorioz, aurten ez da Gazte Asterik izango. Hitzaldiak, mahai-inguruak, bazkari-afariak, parrillada eta parodiak faltako diren arren, Korto Txapelketari eustea pentsatu dugu. Izan ere, etxean preso gauzkaten garaiotan irudimena dantzan jartzeko aukera bikaina dugu, baita kritika egitekoa ere. \
\
Aurtengo gaia 'Erreakzioa' izango da, eta ikus-entzunezkoek bi minututik zortzi minutura arteko luzera izan beharko dute. Bideoak 'azpeitikogaztetxie@gmail.com' helbidera bidali beharko dira. \
\
Ez dakigunez film laburren proiekzioa egin ahalko dugun edo ez, aurrerago jakinaraziko dugu zein modutara egingo dugun bideo emankizuna.\
\
Animatu buruari bueltak ematera eta bideoak sortzea!\
\
Lanean jarraitzen dugu\
\
Koronabirusak eragindako krisiak gure jardun politikoan ere izan du eragina. Osasun krisi soil bat izatetik urrun, krisi ekonomiko baten eskutik datorrela deritzogu, eta hartutako neurriak agertoki berri horretara prestatzeko hartu direla pentsatzen dugu; elkartzeko eta antolatzeko eskubideak ukatu zaizkigu, errepresioa eta indar poliziaren presentzia normalizatu dira...\
\
Hori dela eta, ofentsiba politiko horren aurkako eta langile klasearen askatasun politikoen defentsan egindako ekimen oro babesten dugu. Horietako bat da Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak martxan jarritako Antolakuntzari Salbuespenik Ez! dinamika, baita ekimen horren baitan berriki abiarazitako oinarrizko elikagai eta produktuen bankua ere. Azpeitiko Gaztetxeko kideok proiektu horri bultzada emateko konpromisoa hartu dugu, eta ahal dugun neurrian gure alea jarriko dugu bankuaren antolakuntzan. \
\
Asteroko ohiko jarduna eten behar izan dugu, eta lantaldeek ezin dute beren lana normaltasunez egin. Dena den, elkartzen jarraitzen dugu beste bide batzuk erabiliz. Ikusten ez bagara ere ez gaude geldirik, eta ez zaigu lanerako grinik falta.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide