Orain dela egun batzuk herritar talde batek eta Elkar-ekinek elkarlanean abiatutako ekimenak helburu argia du: gogor kolpatu gaituen pandemiari aurre egiteko, jendeari babes maskarak ematea.\
\
Horiek egin ahal izateko Soreasuko Elkargunean ditugun arropak eta izarak erabili ditugu. Jostun profesionalak arduratu dira eredu egokia aukeratzeaz eta materiala antolatzeaz. Ondoren, beharrezko materiala paketeetan bereizi (izarak, arropak, gomak eta jarraibideak) eta jostun boluntarioei banatu dizkiegu beren etxeetara. Horiek beren etxeetan ari dira maskara josten.\
\
Maskarek ez dute legezko homologaziorik, baina osasun arloan lanean dabiltzan pertsona zenbaitekin kontrastea egin ondoren erabaki genuen ekimenarekin aurrera egitea. Erabateko bermea ez izan arren, kutsatzeko arriskua gutxitzeko baliagarriak dira.\
\
Aste honetan ehun maskara banatu ditugu zaintza eta garbiketa lanetan dabiltzan pertsonen artean; bizi duten egoeragatik, lehentasuna eman diogu maskarak pertsona horiei emateari.\
\
Gainerakoak, datozen egunetan banatuko ditugu herriko hiru puntutan: Urrestillan, Sanjuandegin eta Alde Zaharrean. Asteburuan emango dugu banaketako lekuen, daten eta ordutegien gaineko informazio zehatza.\
\
Momentuz, 30 lagun inguru ari gara ekimen honetan parte-hartzen: tutorialak prestatzen, arropa aukeratzen, garbitzen, paketeak egiten, etxeetara banatzen, ehunak mozten, maskarak josten eta egindakoak jasotzen. \
\
Udalarekin harremanetan gaude, eta egon daitezkeen beharren arabera, datozen egunetan maskara gehiago egiteko aukera aztertzen ari gara. Horretarako, jostun-lanak egingo dituzten boluntarioen beharra izango dugu. Herritarren batek bere ekarpena egin nahiko balu, honako telefono honetara deitzea eskertuko genioke: 688 80 23 52.\
\
Garai zailak dira bizi ditugunak, eta herritarren arteko elkartasuna indartzeak garrantzi handia du, zalantzarik gabe. Inor bazterrean utziko ez duen eta injustizietatik libre biziko den herri bat aldarrikatzen dugu. Bide horretan, egiten ari garenaren gisako elkartasun ekimenak saretzen joatea ezinbestekoa izango dela pentsatzen dugu.\
\
Elkartasuna, herritik herrira!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide